URAk Batan eta Zapardiel ibaien ur-goraldien aurrean babesteko proiektua jendaurrean jarri du

0

URA-Uraren Euskal Agentziak, Eusko Jaurlaritzaren erakunde publikoak, informazio publikoaren izapidearen bitartez jendaurrean jarri du Batan eta Zapardiel ibaien ur-goraldiei aurre egiteko lanon proiektua. Horren bidez, ir-goraldiak beretzeko baltsa bat sortuko da Lasarteko legar-hobietan, eta, ur askoko sasoietan, bi ibaien emariak Ali ibaira bideratuko dira.

Antonio Aiz URAko zuzendari nagusiak azaldu duenez, jarduera horren helburua bikoitza da. Alde batetik, «Arabako hiriburuko hiri-bilbearen hegoaldean segurtasuna areagotu nahi da, Gasteizko mendietan jaiotzen diren bi ibaien goraldiei aurre eginez». Horretarako, 130.000 m ² -ko baltsa bat sortuko da legar zahar batean, ur-goraldia baretzeko (10 urteko errepikatze-denborako ur-goraldiei eusteko ahalmena izango du).

Zapardiel eta Batan bi ibai dira, Gasteizko hirigunean sartu ondoren bideratu direnak, eta  hiria hegoaldetik iparraldera zeharkatzen duen kolektore bakar batean hiltzen direnak. Kolektore hori saneamendu-sarearen parte da, eta, ondoren, Krispiñako HUAn tratatzen da.

Beraz, arazo bat sortzen da tratatu beharreko ur-bolumenak handitzen baititu, eta ur-goraldien gehienezko emariek araztegiaren funtzionamendu normala baldintzatzen baitute. Obrak urtean zehar Batan eta Zapardiel ibaietatik igarotzen den ur-bolumen handiena Ali ibaira bideratzea ahalbidetuko du.

Hau da, Zapardiel eta Batan ibaien ibilguak bi baltsa edo putzutara bideratuko dira ura baretu eta eusteko, eta eremu horietatik Ali ibaiaren ibilguraino eroanbide bat eraikiko da: horrela, saneamendu-sarean sartzen den emaria gutxituko da, eta nabarmen arinduko da uholdeen uholde-orbanaren hedadura.

Halaber, helburu hidraulikoekin batera, Aizek dio «ahalik eta lur-konpentsazio handiena lortu nahi dela jarduketa osoan, bereziki baltsan». Hau da, «Ingurumen-helburua ahalik eta lur gutxien zabortegira eraman behar izatea da», eta, aldi berean, legar-hobiaren kokalekuan dauden hondakinak kentzen dira (hondoa eta alboak estaltzen dituzten betelanak).

Azkenik, bete beharreko beste helburuetako bat legar-hobi ohiaren eremu degradatua lehengoratzea eta inguruko ingurumena berreskuratzea da. Leku horretan agregakinak ustiatu ondoren, hainbat hondar solido isuri dira, batez ere eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak (EEH), baina lurraren karakterizazio-azterketetan antzemandako hondakin arriskutsuak ere kenduko dira.