31 startuek 40 kontratu lortu dituzte BIND 4.0 plataformako trakzio-enpresekin 5. ediziorako

0

BIND 4.0 industria adimendunaren berrikuntza irekiko plataformak 31 enpresa emergente hautatu ditu urtarrilaren 25ean hasiko den bizkortze-programaren bosgarren edizioan 4.0 industriako 40 proiektu garatzeko. Zenbaki horiek egiaztatzen dute, bizi dugun osasun-egoeraren ondorioz ditugun oztopoak oztopo, teknologia eta berrikuntza lehentasuna direla industriaren, energiaren, osasunaren eta elikaduraren sektoreko enpresa nagusientzat, BIND 4.0ko startupen aldeko apustua egiten jarraitzen baitute euren lehiakortasuna hobetzeko berrikuntza eta talentua eskuratzeko modurik onena dela pentsatuta.

Azken edizio honetarako jasotako 750 hautagaitzak –iaz baino % 37 gehiago– aztertu ondoren, BIND 4.0ko 57 trakzio-enpresek industriaren zenbait aplikazio-arlotako proiektu berritzaile estrategikoenak hautatu dituzte. Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren ekimen publiko-pribatu hau SPRI Taldearen eta ekintzailetzaren euskal ekosistemaren UpEuskadi plataformaren bidez kudeatzen da, eta 4.0 Industriaren berrikuntza irekiaren eta bizkortzearen erreferente bihurtu da mundu osoan, egoitza Euskadin duten industriaren, energiaren, osasunaren eta elikaduraren sektoreko enpresa nagusien inplikazioari esker.

Besteak beste, Mercedes-Benz, Ferrovial, Siemens Gamesa, Quirónsalud, Coca-Cola European Partners, Eroski, Iberdrola edo Unilever enpresa handiei eta 2016an abian jarri zenetik jaso diren 2.400 bat hautagaitzei esker, bizkortze-programa honek indartu egin du Euskadiren posizioa nazioartean erreferentzia den industria-berrikuntzako ekosistema gisa. Hori dela eta, startupek BIND 4.0ren aldeko apustua egiten jarraitzen dute erreferentziako bezeroen eskutik merkatura bizkorrago iritsi ahal izateko.

Zerbaitengatik irabazi du BIND 4.0 plataformak Enpresa Sustapenerako Europako Sarien XIV. edizioa, enpresa-ingurunearen hobekuntzaren kategorian. Sari horiek Europako Batzordeko Barne Merkatuko, Industriako, Ekintzailetzako eta ETEetako Zuzendaritza Nagusiak antolatzen ditu, eta sarien bidez enpresak abian jartzea eta haztea sustatzen duten eta, enpresa txiki eta ertainen alde, legegintzako eta administrazioko prozedurak sinplifikatzen dituzten tokiko, eskualdeko eta nazio-mailako politika berritzaileak aitortzen dira.

Nolakoak dira 5. edizio honetan hautatu diren startupak?

Aurtengo bizkortze-programan parte hartzeko hautatu diren startupen jatorriari dagokionez, nabarmendu behar da 15 Euskadikoak direla –8 Bizkaikoak, 3 Arabakoak eta 4 Gipuzkoakoak–, beste 16 beste autonomia-erkidego batzuetakoak (besteak beste, Las Palmas, Bartzelona, Madril eta Nafarroakoak) eta gainerakoak munduko beste herrialde batzuetakoak. Hortaz, aurten hautatu diren startupen % 51 Euskal Autonomia Erkidegoaz kanpokoak dira. Zehazki, nazioarteko 9 startupen jatorrizko herrialdeak Finlandia (1), Alemania (2), Israel (1), Portugal (1), Erresuma Batua (1), Italia (2) eta Suedia (1) dira.

Bosgarren edizio honetarako hautatutako startupek kalitate handiko soluzio abangoardistak aurkeztu dituzte prozesuak, zerbitzuak eta produktuak hobetzeko helburuarekin. Gainera, aurkeztu diren aplikazio teknologikoetako batzuk osasun-krisiaren ondorioz sortu diren premiei erantzuteko dira. Horretarako, Adimen Artifiziala, Gauzen Interneta, Ikuspen Artifiziala eta Big Data arloetako teknologia berritzaileak ezartzen dituzte, eta hautatuko proiektuen artean arlo horietakoak dira gehienak, soluzioen % 62, alegia.  Aipatzekoak dira Blockchain, zibersegurtasuna eta Robotika teknologiak erabiltzen dituzten soluzio berritzaileak ere.

Zehazki, honakoak dira hautatu diren Euskadiko startupak: zibersegurtasuna eta Internet of Things teknologia ezartzen duten Arabako 3: Eurocybcar SL, Inalia Innovación y Desarrollo SL eta Ega Solutions SL; Adimen Artifiziala, Big Data, Ikuspen Artifiziala, Blockchain, Internet of Things eta Zibersegurtasuna teknologiak erabiltzen dituzten Bizkaiko 8: AOTECH, APlanet, ASIMOB, CodeContract, Grabit Retail, RKL Integral, Sticker Control eta Hodeia Digital; eta 3D Inprimaketa, Ikuspen Artifiziala, Big Data eta Bioteknologia ezartzen dituzten Gipuzkoako 4: 3R3D Technology Materials, I2U, Savvy Data Systems eta Onena Medicine.