Ertzaintzak agintari judizialaren eskuetan jarri ditu, Donostiako Alde Zaharrean izandako ordena publikoaren aurkako istiluetan atxilotu zituen lau pertsonak. Zortzi agente eta bi oinezko zauritu ziren iskanbiletan. Ikerketa bat dago irekita istiluetako gainerako parte-hartzaileak identifikatzen saiatzeko.
Istiluak arratsaldeko zortzi eta erdiak aldera hasi ziren Donostiako Alde Zaharrean. Donostiako udaltzainek pertsona bat atxilotu zuten Trinitate Plazan, eta pertsona batzuk polizia-ekintza eragozten saiatu ziren objektu sendoak botaz. Pertsona horiek inguratu ere egin zituzten agenteak jarrera biolentoa eta mehatxatzailea erakutsiz.
Ertzaintzaren patruila batzuk haiei laguntzera hurbildu ziren, eta horiei ere botilak, harriak, estolda-tapak eta pirotekniako materiala bota zizkieten. Adierazitako lekuan elkartuta zeuden pertsonak inguruko kaleetan barreiatu ziren, eta kalteak egin zituzten ostalaritza-establezimenduetan eta altzari publikoetan, eta, besteak beste, su eman zieten edukiontzi batzuei.
Ertzaintza Alde Zaharrean hedatu zen istiluak neutralizatzeko eta horietan parte hartzen ari zirenak atxilotzeko, eta 18 urtetik 31 urtera bitarteko lau gizonezko atxilotu zituen. Guztiei desordena publikoen delitua leporatu diete, eta horietako bati baita agintaritzaren agenteen aurkako atentatua ere. Istiluekin zerikusirik ez zuen pertsona batek kolpe bat jaso zuen masailezurrean, eta ospitalera eraman zuten. Guztira zortzi agente arin zauritu ziren, eta horietako bat ospitalean artatu behar izan zuten. Gainera, istiluekin zerikusirik ez zuten bi pertsona zauritu ziren. Horietako bat ere ospitalera eraman behar izan zuten. Egoera kontrolatutzat eman zuten gaueko hamaikak aldera.
Atxilotuak Ertzaintzaren egoitzara eraman zituzten zegozkion polizia-eginbideak irekitzeko, eta gaur goizean zehar jarriko dituzte agintari judizialaren eskuetan Donostiako Guardiako Epaitegian. Ertzaintzak ikerketa jarri du abian istilu horiek sustatu zituzten eta istiluetan parte hartu zuten gainerako pertsonak identifikatu eta atxilotzeko.