Azpeitiko Udalak Aintzane Pujanaren hilketa salatzeko kontzentrazioarekin bat egiten du

0
Urtarrilaren hasieran Aizarnazabalen hilda agertu zen Aintzane Pujana emakume donostiarraren hilketa gogor salatu nahi du Udalak. Hildakoaren senitarteko zein gertukoei bere elkartasuna ere adierazi nahi die. Horrekin batera, hilketa salatzeko Basanderiek taldeak deituta plazan egin den kontzentrazioarekin bat egin du.

Indarkeria matxista gizon eta emakumeen berdintasun gabeziatik sortutako arazo benetan larria da gizartean. Udalak giza eskubideen urraketarik ez duela onartzen berretsi nahi du; ez Azpeitian eta ez beste inon ere; eta urraketen aurrean modu aktiboan jokatzea herritarron ardura ere badela gogorarazi nahi du.

Erasoren bat gertatzen ari dela ohartuz gero Udaltzaingora, Ertzaintzara edo larrialdi zerbitzuetara dei dezakete herritarrek.

Horretaz gain, egunerokoan ikastetxeetan Udalak bultzatutako hezkidetza programen bidez zein beste hainbat ekimenen bidez pertsonen arteko berdintasuna landuz indarkeriaren kontra lanean jarraituko duela berretsi nahi du.