Bidebarrieta Kulturguneak Mikel Azpirozen «Islak» diskoaren aurkezpena hartuko du

0

Bilboko Udaleko Bidebarrieta Kulturgunea da Mikel Azpirozek datorren ostiralean, urtarrilaren 29an, ‘Islak’ diskoa aurkezteko aukeratu duen lekua. Hitzordu honetan Karlos Arancegi, baterian, eta Fernando Neira, kontrabaxuan egongo dira.

Kontzertua Bidebarrietako Liburutegiko areto nagusian izango da eta 19:00etan hasiko da. Sarrerek, esteka honetan daude salgai, 5 euroko prezioa dute.

Egungo egoeratik eratorritako segurtasun-neurriak direla eta, ekitaldi-aretoko ateak 18:15ean irekiko dira, bertaratutakoak beren eserlekuetan jarri ahal izateko. Era berean, unean-unean indarrean dauden babes- eta higiene-neurriak zorrotz bete beharko dira, eta nahitaezkoa izango da maskara uneoro erabiltzea.

¬‘Gaua’ eta ‘Zuri¬ a piano solo’ aurreko diskoen arrastoari jarraituz, Mikel Azpirozek ‘Islak’ argitaratu du, 1978ko Steinway & Sons B modeloko kola-piano zoragarri batean interpretatzen duen bederatzi abestien bilduma. Bederatzi abestietatik bostetan Karlos Arancegui perkusio joleak laguntzen dio baterian eta darboukan. ‘Islak’ 2020ko urtarrileko hiru egunetan grabatu zen Donostian, Mamusik estudioan. Azpirozek 2006an sortu zuen zigilu hori, Elkano Browning Cream proiektuko nahiz bakarkako lanak argitaratzeko. Diskoa denda fisikoetan eta plataforma digitaletan dago eskuragarri. Bidebarrieta Kulturgunearen kontzertuan, Mikel Azpirozek Karlos Arancegi izango du lagun baterian eta Fernando Neira kontrabaxuan.