Bikotekide ohiari eraso egiteagatik atxilotua Durangon

0

Ertzainek 20 urteko gazte bat atxilotu zuten joan den ostiral arratsaldean, Durangon, genero-indarkeriaren delitu bat leporatuta. Erasotzaileak, dirudienez, kristalezko botila bat bota zion aurpegira bikotekide ohiari, eta zauriak egin zizkion. Biktima ospitalera eraman behar izan zuten anbulantzian.

Arratsaldeko sei eta erdiak aldera, Ertzaintzari jakitera eman zioten gizon batek emakume bati eraso egin ziola Ezkurdi plazan. Herritarrak babesteko lanetan ari zen patruila batek bertara hurbildu eta egiaztatu zuen gaztea odola dariola zegoela aho inguruan zituen zaurietatik. Biktimak emandako informazioaren arabera, bikotekide ohiak eraso egin zion. Erasotzaileak lehenengo iraindu egin zuen, eta gero garagardo-botila bat bota zion aurpegira. Ondoren, alde egin zuen.

Anbulantzia batean eraman zuten emakumea Galdakaoko ospitalera, eta Ertzaintza, Durangoko Udaltzaingoaren laguntzaz, inplikatuaren bila hasi zen. Handik laster aurkitu eta atxilotu zuten.