eLankidetzak irakaskuntzarako teknologiak modu inklusiboan erabiltzeko gakoak argitaratu ditu

0

Hezkuntzaren Nazioarteko Egunean, eLankidetzak- Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak argitaratu ditu ikaskuntzarako teknologiak modu kontziente eta inklusiboan erabiltzeko gakoak ematen dituzten gida eta bideoa. (H)ABIAN 2030 gizartea eraldatzeko hezkuntzaren euskal estrategiaren baitan sortutako hirugarren gida eta azalpen bideoa dira, eta, zehazki, balio dute ikaskuntzarako teknologiak txertatzeko prozesuak bultzatzeko; batez ere, ikaskuntza kolaboratiboan.

eLankidetzak hezkuntza materiala landu du VI Heziketa Topaketan ateratako ikaskuntzekin; Berrikuntzarako eta Komunikaziorako Teknologietatik Lankidetza Ikaskuntzarako Teknologietara nola aurrera egiteari buruzkoa, eta Enrique Clemente irakaslearen ekarpenekin.

Gida etorriko diren beste hainbat argitalpen eta ikus-entzunezkoen hirugarrena da, eta horien xedea da hezkuntza eragileei ematea askotariko ikuspegi metodologikoak txertatzeko gakoak, metodologiak, estrategiak eta baliabideak. Hala, aurretik eLankidetzak beste bi gida argitaratu ditu (H)ABIAN 2030 estrategian oinarriturik: irisgarritasun eta parte-hartze inklusiborako gida eta hezkidetzan hezitzeko gida.

Teknologia berriak Kamerunen eta Euskadin

2019an, Hezkuntza Saileko ordezkariek, tartean Clementek, eLankidetzak eta UNICEF-Euskadiko Batzordeak, Kamerunera bidaiatu zuten Afrikako herrialdeko eta Euskadiko hezkuntza-eragileen arteko trukea sustatzeko eta Connect my school programan parte hartzen duten hainbat eskola ezagutzeko. Proiektua eLankidetzak finantzatzen zuen.

Ekimen horren helburua da Afrikako herrialde horretako urrutiko eremuetako eskola eta ikasleek teknologia txertatzea, eten digitala murrizteko eta haur errefuxiatuen eskolaratzea eta integrazioa errazteko. Trukeari esker, ekimen pilotu bat garatzeko aukera sortu da, Euskadiko eta Kamerungo lehen hezkuntzako eskolak ikuspegi inklusibo batetik konektatzeko.