LABIren neurri berriak: udal-konfinamendua eta gehienez 4 pertsona elkartzea

0
PRUEBA

Epidemiaren azken egunetako datuen bilakaeraren arabera, Euskadi, 5eko eskala batean, Transmizio Altuko 5. mailan kokatzen da Intzidentziaren adierazleetan, 4. mailan Erreproduktibitatearen adierazleetan eta eragin asistentzialaren adierazlea 3. mailan mantentzen da. Aste honetan zehar, ziurgabetasun handiko testuinguru honetan, goranzko joera dagoela berretsi da, oraindik luzatu daitekeena.

Bilakaera epidemiologikoa oso kezkagarria da. Euskadiko intzidentzia-tasak, une honetan, gure inguruko beste lurralde-eremu batzuetan baino txikiagoak izan arren, egoera hori edozein unetan alda daiteke. Ez da erlaxatzeko unea, prebentzio-ekintzan ahalik eta aurrerapen handienarekin jarduteko unea baizik.

Hori dela eta, urtarrilaren 18an, Batzorde Tekniko honek irizpen bat eman zuen, non gomendatzen zen Osasun Sistema Nazionalaren Lurralde arteko Kontseiluan akordio bat sustatzea, besteak beste, honako neurri hauek ezarri ahal izateko: gaueko mugikortasuna edo establezimenduak eta jarduerak ixteko ordutegia aurreratzea edo pertsonen elkartzea gehienez ere 4ra mugatzea.

Oraingoz, Errege Dekretuaren aldaketari ez heltzea erabaki du Osasun Ministerioak, «Etxeratze-agindua» deitutakoa aurreratu ahal izateko. Ondorioz, Lurralde arteko Kontseiluan ez da akordiorik lortu. Erabaki horrekin ez gatoz bat.

Aukera bat galdu da adostasunaren bidez aurrera egiteko eta Autonomia Erkidego guztien artean adostutako prebentzio-neurri berriak hartzeko, Estatu osoko kasuen hazkunde-egoeran «zirkuitulabur efektua» eragiteko.

Gaueko jarduera mugatzeko ordutegia aurreratzeko aukerarik ez izateak esku hartzeko gaitasuna murrizten digu. Egiaztatu ahal izan dugu neurri horrek emaitza onak izan dituela hartu den Frantziako Departamentuetan.

Muga horrek baldintzatzen bagaitu ere, hiru irizpideri jarraitzen diegu:

  • Lehenengo, kutsatzeen kurba goranzkoa den heinean, eta orain hala da, joera hori aldatzeko neurriak ezartzen jarraitzea ezinbestekoa da.
  • Bigarrena, ndarrean dauden neurrien prebentzio-eragina eguneratu, balioetsi eta berretsi behar ditugu.
  • Hirugarrena, neurri berriak txertatu behar ditugu, mailaz mailako ikuspegiarekin, gerta daitezkeen kasuen eskalatze- edo deseskalatze-egoera desberdinen arabera

Irizpide horiek oinarri hartuta, LABIren Batzorde Teknikoaren txostenaren arabera, eta Lurralde Arteko Kontseiluari aurkeztutako proposamenarekin bat etorriz, honako neurri hauek ezartzea erabaki da:

-Konfinamendu perimetrala Euskadiko udalerri guztietara zabaltzea, Dekretuaren esparruan aurreikusitako salbuespenekin, baina udalerri mugakiderako igarobidea salbuetsi gabe. Neurri honen helburua mugikortasuna are gehiago mugatzea da. Mugikortasunak, pertsona bakoitza birusa garraiatzeko ibilgailu bihurtzen du eta ondorioz, birusa hedatzen laguntzen du.

-Pertsonak gehienez ere 4ko taldetan biltzeko muga ezartzea, bai erabilera publikoko espazioetan, bai erabilera pribatuko espazioetan. Beraz, ostalaritzako eta jatetxeetako mahaien okupazioan ere bai. Neurri honen helburua da gure ohiko bizikidetza-burbuilatik kanpo dauden pertsonen arteko bilkurek kutsatzeen transmisioan duten hedatze-uhina murriztea.

Aldaketa horiek jasotzen dituen Dekretua bihar, urtarrilak 23, argitaratuko da eta astelehenean, urtarrilak 25, 00:00etan jarriko da indarrean.

Bigarrenik, LABIren Aholku Batzordeak uste du duela aste batzuetatik indarrean dauden murrizketei eutsi behar zaiela, eta horien laburpena egin behar dela, hauen garrantzia azpimarratzeko eta prebentzioan duten eragina berresteko. Hortaz, aurrekoak eta gaur erabakitakoak kontuan hartuta, Euskadin aplikatu beharreko neurri nagusien laburpena honako hau da:

—Euskadiren itxiera perimetrala eta udal mailako itxiera perimetrala.

—Gaueko mugigarritasuna 22:00etatik 06:00etara mugatzea.

—Merkataritza- eta kultura-jarduerak bertan behera uzteko gehieneko ordutegia, 21:00etan.

—% 40ko aforoak 150 m2 baino gehiagoko merkataritza-establezimenduetan, eta % 60koa 150 m2 arteko azalera dutenetan. Edukiera murriztuak, era guztietako kultura- eta gizarte-ekitaldietarako.

— Kultu-aretoetako gehieneko edukiera % 35 mugatzea.

—Musika- eta ahots-entsaioak eta emanaldiak bertan behera uztea.

—Ostalaritza eta jatetxeak ixteko ordutegia 20:00etatik 06:00etara.

—100.000 biztanleko Intzidentzia-tasa metatua 500 edo gehiago duten udalerrietan:

-Ostalaritza- eta jatetxe-establezimenduak eta joko- eta apustu-establezimenduak

-Taldeko kirol-jarduera etetea.

Ziurgabetasunak markatzen du egoera. Horregatik jarraitzen dugu aztertzen eta aurreikusten, egunez egun, interakzio soziala murrizteko neurri berriak, datozen asteetako bilakaera epidemiologikoaren datuen araberakoak.

Ezinbestekoa da prebentzio-neurriak aintzat hartzea: maskara, eskuen garbiketa, pertsonen arteko distantzia, aireztapena eta bizikidetza-unitate baten baino gehiagoren bilerarik ez egitea, batez ere barne-espazioetan.

Batzorde Teknikoak bere irizpenean azpimarratu du oso garrantzitsua dela maskara behar bezala erabiltzea interakzio sozialean, baita, bereziki, barne-espazioetan ere, ariketa fisikoa egiten den espazioetan barne.

Badakigu zerk laguntzen digun eta zerk egiten digun kalte. Bizi Berri II Planak xehetasunez deskribatzen du. Bi lehentasun partekatu behar ditugu: mugikortasuna murriztea eta gizarte-harremanak murriztea. Mugikortasun gutxiago eta gizarte-harreman gutxiago. Horixe da dekretuaren aldaketa honen gakoa. Hori da gakoa une honetan eta datozen hilabeteetan.

Konpromiso partekatu horrekin itxaropenak etorkizuna du.