Basqueskolak antolatutako jardunaldian politikan gertatzen den berdintasun eza eta emakumeen aurkako indarkeria-moldeak aztergai

0

Emakundek eta EUDELek bultzatzen duten emakume alkate eta zinegotzien Basqueskola sareak gonbidapena egin dio Silvia Soriano irakasle eta ikertzaileari, politikaren eremuan emakumeen aurkako bortizkeriaren kontzeptua ezagutzen hasteko eta hura identifikatzeko gakoak emateko. Tokiko emakume hautetsien bizipenei buruz Latinoamerikan egin dituen azterketetan oinarriturik, bortxakeria-mota horren adierazpideez jardungo du Sorianok, baita hura agertzen deneko egoera zehatzez ere. Hitzaldian, azpimarratu egingo da zer-nolako oztopoak eta berdintasun faltak jasaten dituzten erakundeen barruan erantzukizun publikoko karguak dituzten emakumeek. Izan ere, gaia ez da oso ezaguna eta gutxitan aztertzen da udal-eremuan, hau da, herritarrengandik gertukoenean; horrek interesa piztu die Basqueskolaren talde eragileko hautetsiei, eta horregatik prestatu dute trebakuntza-saioa. Antolatzaileen esanetan, indarkeria-moldeak identifikatzea, baita botere-gune eta erabakiguneetan ere, egiteke dagoen lana da, eta lagunduko luke hobekuntza-ekintzak sustatzen, emakumeek politikan parte hartzeko baldintzak lortze aldera.

Lehenbiziko saio horren helburu nagusia bertaratuko diren emakume hautetsien artean hausnarketa eta eztabaida sustatzea da. Hala, parte-hartzaileek aukera izango dute hizlariari galderak egiteko, osteko solasaldian. Sareak asmoa du etorkizunean azterketa bat egiteko emakumezko hautetsiekin, politikan jardutean desberdintasunak nola atzematen dituzten galdetzeko. Izan ere, kontzientzia hartzea da lehenbiziko urratsa berdintasunik ezaren aurka borrokatzeko.

Silvia Soriano Konstituzio Zuzenbideko irakaslea eta Extremadurako Unibertsitateko berdintasun-bulegoko zuzendaria da. Ikertzaile modura ibilbide luzea egin du hainbat lantaldetan, Konstituzio Zuzenbideko Sare Feministan adibidez, eta espezializatutako artikuluak argitaratu ditu Politikaren eremuan emakumeen aurkako Bortxakeria aztertuz. Gaur egun, Soriano ikerketa bat egiten dabil Extremadurako landa- eta udal-eremuko genero-berdintasunari buruz, diagnostikoa eta proposamenak barne.

Europako Udal eta Eskualdeen Kontseiluak (EUEK) 2019ko abenduan egindako azken azterketaren arabera, Euskadi eskualderik aurreratuenetakoa da emakumeek toki-gobernuetan duten ordezkaritzaz den bezainbatean. Emakumezko hautetsien portzentajea % 46koa du Euskadik, eta, horrenbestez, Islandia baizik ez du aurretik (% 47). Aitzitik, Europako (% 29) eta Estatuko (% 32) batezbestekoen oso gainetik dabil. EUDELek eta Emakundek 2012tik sustatzen duten Virginia Woolf BASQUESKOLA guneak aurrera jarraitzen du, emakumezko alkate eta zinegotzientzat interes handikoak diren gaiei buruzko truke-, analisi- eta elkarrizketa-guneak eratzeko helburua bete nahian. Basqueskola sarea EAEko udaletako emakume hautetsi guztiei zuzentzen zaie. Egunero tokiko euskal politikan lan egiten duten 1.200 emakume baino gehiago dira; gobernukoak eta oposiziokoak; alderdi politikoetakoak eta herritarren plataformetakoak; udal handietakoak eta txikietakoak.

Basqueskola Sarea estrategiaren helburua politikaren ingurunean aldaketak sortzea da, euskal emakume hautetsien berdintasun erreala errazteko. Horretarako, ezbaian jarri behar dira emakumeen eta gizonen berdintasunezko parte-hartze soziopolitikoa oztopatzen duten estereotipoak eta rolak.