Donostiako Udalak administrarientzako 63 plazako deialdia onartu du

0

Tokiko Gobernu Batzordeak 63 administrari lanpostu behin betiko betetzeko hautaketa-prozesuaren oinarri espezifikoak onartu ditu. Horiek txanda librekoak eta oposizio-lehiaketa bidezkoak izango dira. Postu horietatik 58 sarbide orokorreko modalitatekoak izango dira, eta 5 plaza desgaitasuna duten pertsonentzako erreserba-kupokoak.

Eneko Goia alkateak nabarmendu duenez, “deialdi honek Udalean lanpostuak finkatzeko eta bitartekotasuna murrizteko bidea jarraitzen du, eta, horretarako, eskura ditugun tresna guztiak erabiltzen ari gara”.

Parte hartzeko eskabideak aurkezteko epea hogei (20) egun baliodunekoa izango da, behin iragarkia Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Epe horren irekieraren berri ere emango da Udalaren webgunean.

Lanpostu horiek eskuratzeko baldintzak Udalaren web orrian egongo dira (www.donostia.eus) eta, besteak beste, euskararen titulazioari eta hizkuntza-eskakizunari buruzkoak dira. Webgune bereko enplegu atarian eta udaletxean bertan eman daiteke izena.

Hautapen prozesua gainditu eta lanposturik lortzen ez dutenen artean ordezkapen zerrenda bat osatuko dira, lanpostu hutsak betetzeko edo aldi baterako beharrak betetzeko. Lan-poltsa horiek beste administrazio publiko batzuei ere uzten zaizkie, langileak kontratatu behar dituztenerako.