Agate Deunaren erromeria bertan behera utzi du Barakaldok

0

Datorren otsailaren 5ean du Agate Deunak ospakizun eguna, baina aurten, Covid-19a dela eta, ez da beti bezala ospatzerik izango, Barakaldoko Udalak bertan behera utzi baitu urtero Arroletza mendirako igoeran antolatu ohi den erromeria, bai eta Agate Denaren omenezko ospakizunen egun nagusietan baselizan ematen diren mezak ere. Horrela, inguru horretan gertatzen diren jende-pilaketak saihestuko dira, hala Agate Deunaren egunaren aurreko igandean, nola hurrengoan.  «Egoera kezkagarria da, eta erantzukizunez jokatu behar dugu, pandemia lehenbailehen menderatzeko», adierazi du Kultura, Hezkuntza, Euskara eta Gazteria Arloko zinegotzi Nerea Canterok.

Tradizioz, oinez egin ohi dute barakaldarrek erromeria, eta Santuari bisita eginez amaitzen dute ibilaldia, baselizaren barruan. Aurten, ordea, itxita egongo da ermita, eta ez da mezarik emango. «Beste era batera ospatu beharko dugu Agate Deunaren eguna. Bisita datorren urterako utziko dugu, beraz, ea ordurako heldu den normaltasuna», adierazi du Canterok.