Barakaldok zigarro-mutxikinak jasotzeko moduko paperontziak estreinatu ditu

0

Irudi berri bat estreinatu du aste honetan Barakaldok hiriko paperontzietan. Herritarrek zigarrokinak eta formatu txikiko hondakinak jasotzeko moduko hautsontziak jarri dituzte, Barakaldo gero eta garbiagoa eta jasangarriagoa izan dadin.  Ekimena martxan jartzeko konpromisoa hartu zuen Obra eta Zerbitzu Arloak, joan den ekainean egindako osoko bilkuraren ostean. Bertan, aho batez onartu zen Eguzki Barakaldok aurkeztutako ekimen bat. «Funtzio anitzeko zakarrontzi hauekin, zigarrokinak leku egoki batean botatzeko aukera eskaintzen ari gara, gure kaleak zikindu eta kutsatu gabe», adierazi du Jon Andoni Uria Barakaldoko Udaleko Obra eta Zerbitzuetako zinegotziak.

Zehazki, Arloak ekainean egindako proiektu pilotuan ezarritako planari jarraitu zaio; horren bidez, hiriko 227 paperontzitan hautsontziak jartzen ari dira egunotan. «Paperontzien eredu berri hau oinezkoentzako guneetan eta Barakaldoko auzoetan jartzen ari dira, nola funtzionatzen duten ikusteko», azaldu du zinegotziak.

Horrela, hautsontziak jarri dira Zaballa eta Nafarroa kaleetan, Herriko Plazan, Foruen Pasealekuan, Bide Onera, Elkano eta Uribe Merindadea kaleetan, Askatasunaren etorbidean, Garcia Lorca plazan, Katalunia kalean, Elizateko Plazan,  Union Sport plazan, urtarrilaren 22an eta inguruetan, Santa Teresa plazan, Miranda etorbidean, San Josef eta Munibe kaleetan, Desertu plazan, BECen eta inguruetan, Gurutzeta plazan eta inguruetan, Andikollano eta Luben, Serralta zumardian eta Bituritxan, Anbian eta Eskauritzan.

Bi hautsontzi eredutakoak dira, instalatzen diren paperontzi ereduaren arabera: Diana eredua eta Itaca eredua.  Udal inbertsioa 8.745,28 eurokoa izan da, BEZa barne. «Gure helburua Barakaldo jasangarriagoa eta ingurumenarekiko errespetuzkoagoa izatea da. Zentzu horretan, herritarrak animatu nahi ditut horiek erabiltzera eta zigarrokinak lurrera botatzeari uztera, gure hiria garbiago ëgon dadin», esan du Uriak.