Barakaldoko Erribera-parkerako Ideia Lehiaketaren proiektu irabazlea aukeratu dute

0

BILBAO Ría 2000ek Galindo ekialdeko eremuan (Barakaldon) itsasadarraren aurrealdea eta Nerbioi ibaiaren erribera-parkea hirigintzaren aldetik diseinatzeko deitutako lehiaketaren epaimahaiak «Burgos&Garrido Arquitectos, SLP/Typsa Técnica y Proyectos, SA» ABEEak aurkeztutako proiektua aukeratu du irabazle gisa.

Lehiaketaren epaimahaiak Barakaldoko alkate andrea izan du buruan eta ondorengo hauetako ordezkariek osatu dute: BILBAO Ría 2000, Barakaldoko Udala, Bilboko Portuko Agintaritza, Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofiziala eta Bide, Ubide eta Portuetako Ingeniarien Elkargoa. Horiez gain, nazioartean prestigio handia duen hirigile bat ere egon da epaimahaian.

BILBAO Ría 2000en Administrazio Kontseiluaren azkeneko bileran berretsi zen lehiaketaren epaia. Hala, talde irabazleari itsasadarraren aurrealdeko esparrua urbanizatzeko aurreproiektua idazteko zein Nerbioi ibaiaren erribera-parkeko obren proiektua idazteko eta haiek zuzentzeko ardura ematea erabaki zuen Administrazio Kontseiluak.

Era berean, BILBAO Ría 2000en Administrazio Kontseiluak esleipendunarekin egokitu eta gehiago garatu beharreko elementu batzuk adostea erabaki du, lehiaketaren oinarrietan ezarritako aurrekontu-mugaren baitan. Horrez gain, lehiaketan parte hartu duten gainerako taldeei eskerrak eman dizkie eta jasotako lan guztietan egindako esfortzua eta erakutsitako kalitatea aitortu ditu.

Lehiaketa irabazi duen lana «El jardín en movimiento» (Mugitzen den lorategia) izenburupean aurkeztu da eta epaimahaiaren aburuz, «proposamen moldakorra da, inspirazio natural eta freskoduna» eta «epe ertain zein luzera erabilerak gehitzeko malguagoa den ingurune naturalaren ideiara gehien hurbiltzen dena» da.

Proiektu honen ezaugarri azpimarragarrien artetik, honako hauek aipatu ditu epaimahaiak: esparruan dauden «maila-desberdintasunak konpontzeko modu leundua», «sortzen den espazio publikoaren argitasuna, jarraitutasuna eta gardentasuna», «proposamenak bertako historia eta iragan industrialarekin konektatzeko duen erraztasuna» eta «parkeak parean duen itsasadarraren tartearekin bat egiteko duen naturaltasuna».

Era berean, epaimahaiaren ustez, egokitu eta gehiago garatu behar diren zenbait elementu daude, hala nola parkearen eremuan lehiaketaren oinarrietan iradokitako erabilera mota batzuen dentsitate handiagoa sustatzeko elementuak jartzea eta urarekin konektatzeko elementu batzuk indartzea, ahal bada ura fisikoki ukitzera ere heltzeraino.

Talde irabazleak aurkeztutako memorian ikus daitekeenez, itsasadarraren metropoli-inguruan gauzatutako «hirigintza-jarduketa handinahien sekuentziaren baitan sartzen da» proiektua. Jarduketa horiek «ingurua eraldatzeko eta bertako biztanleen bizitza hobetzeko ahalmen izugarria duten espazio publikoen segida bikain eta luzea osatzen dute».

Ildo horretatik, espazio berria «Barakaldoko ibai-parkea» izango dela azpimarratu da memorian. Bertan zenbait elementu jarriko dira, hala nola Portuko dartsenaren ondoan egongo den hondartza berdea; kontzertuak, herriko jaiak edo beste jarduera ludiko inprobisatu batzuk har ditzakeen zelaigune handi baten ondoan egongo diren belarrezko harmailak; edo altuera jakin batean egongo den oinezkoentzako pasabidea, Labe Garaien etorbidea eta Franco-Belgako mineralaren zamalekua lotuko dituena. Horrek guztiak hirigunearen eta ibaiertzaren arteko konexioa indartuko du, itsasadarreraino luzatuko baitu hiria.

Dartsenaren hegoaldeko ertzarekiko paraleloan pabilioi lineal eta garden bat eraikitzea barne hartzen du proiektuak. Pabilioi horretan taberna txiki bat eta jatetxe bat edo bestelako erabilerak egongo dira. Dartsenaren iparraldeko ertzean, berriz, egurrezko egitura bat egingo da egungo arrapalari lotuta, piraguak, kanoak eta abar gordetzeko.

Jarduketa-esparrua, guztira, 10,7 hektareakoa da eta horien artetik 9,1 erribera-parkearenak dira, zentzu hertsian.