Lezamari omenaldia

0

Athleticek urtebetetze ahaztezina ospatuko du gaur. Duela mende erdi martxan jarri ziren lanean Lezamako instalazioak, 1971n. Hiru zelairekin abiatu ziren. San Mameseko soropila lehen taldearen entrenamenduetatik babestu beharrak, Ronnie Allenen gidaritzapean garai hartan, Bilboko kutsaduratik ihes egitea, ingurune osasuntsuago baten bila, eta klubaren oinarrietan beste urrats bat emateko ideia, ordura arte gazteen taldeak baino ez zituelako, garai hartako errektoreek Lezaman lur horiek erosteko urratsa eman zuten, Athleticen altxor garrantzitsuenetariko bat, alegia.

Felix Oraa presidenteak eman zuen urratsa, Jose Ignacio Zarza gerenteak aholkatuta, eta kirol arloko maisu baten lanarekin, Piru Gainza talentu begiralearen laguntzarekin. Ordutik, hezitzaile bikainak igaro dira harrobi zuri-gorritik. Jose Luis Garay eta Iñaki Saez gogoratzeko tartea hartuko dugu. Lezaman osatu diren 200 jokalari inguru iritsi dira lehen taldera. Urkiaga izan zen haurren Alironetik igo zen lehena, baina gaztetatik eman zuten pausoa Agirreoa, Bengoetxea, Vidal, Otaolea, Oñaederra, Iñaki Garay eta ondoren Goikoetxea eta Sarabia. Morcillo, Zarraga eta Vicente izan dira debuta egin duten azkenak.

Tartean, Alexanko, Argote, De Andres, Urrutia, Alkorta, Ander Garitano, Larrazabal, Julen Guerrero, Yeste, Del Horno, Llorente (Lezaman osatutako munduko txapeldun bakarra), Susaeta, Iraola, Gurpegui, Aduriz, Muniain, Laporte eta Williams. Ezinezkoa denak aipatzea.

Horregatik, pandemiaren zailtasunak kontuan hartuta, Athletic Clubek ekitaldi xume bat antolatu du gaur, lehen taldearen eraikin berrian antolatzen den lehena. Gizonezkoen aldetik, Munduko Txapelketetan parte hartutako lauk (Iribar, Urkiaga, Guerrero eta Alkorta) eta emakumezkoen batek (Erika Vazquez) euren bigarren etxean izandako esperientziak kontatuko dizkigute. Nafarra goleatzaile nagusia da emakumezkoen historian (261), 16 denboraldiren ostean. Iker Muniain kapitain zuri-gorria 12 urterekin iritsi zen Lezamara eta 28rekin bederatzigarrena da jokatutako partidetan (444) eta bere errendimenduagatik lehen hiru postuetan sartzeko ametsa lortu nahi du.

2002an hasi zen emakumezkoen taldea, eta, horren ondorioz, pixkanaka pauso egokiak eman ziren prestakuntzan, Superligako garaipen handiek bultzatuta, Iñigo Juaristiren aginduetara. Lehen taldera 50 jokalari baino gehiago iritsi dira, horietako asko B taldetik abiatuta, hartzen zituen lehen taldea baitzen. Gure egungo kapitaina, Garazi Murua, 15 urterekin sartutakoa da adibide argiena. Irune Murua eta Arrate Orueta (seigarren eta zazpigarren postuan partiden zerrendan), Damaris Egurrola, Oihane Hernandez, Sierra, Valdezate, Oguiza… eta laster lehen taldeko kamiseta jantziko dutenak.

Zuzendaritza Batzordeko ordezkari bat, Aitor Elizegi presidentea buru dela, jardunaldian izango da, eta lehen bi taldeetako entrenatzaileak, Marcelino Garcia Toral eta Iraia Iturregi, bertan izango dira, baita klubeko mitoak ere, Andoni Goikoetxea eta Manolo Delgado, besteak beste. Gainera, Felix Oraaren seme bat gurekin egotea nahi izan dugu, Lezamako inspiratzailea den bere aitaren omenez.