Joan den asteburuko hiru egunetan Ertzaintzak eta udaltzaingoek guztira 2.071 isun jarri dituzte Euskadin, pandemiari aurre egiteko eta koronabirusaren hedapena geldiarazteko ezarritako osasun-arauei jarraituz. Horietatik gehienak –1.325– zirkulazio-askatasunaren muga eta gehienez lauko taldetan elkartzekoa ez errespetatzeagatik jarri dituzte.
Ertzaintzak eta udaltzaingoek asteburuan berriz egin dituzte kontrolak justifikatu gabeko joan-etorriak eragozten saiatzeko eta gainerako osasun-neurriak betetzen direla zaintzeko. Zaintza-dispositibo horietan guztira 2.071 isun bideratu dituzte ostiraletik, urtarrilaren 29tik, igandera, urtarrilaren 31ra, bitartean. Horietatik gehienak, 1.325, alegia, mugikortasuna mugatzeko edo gehienez lau pertsonako taldetan elkartzeko murrizketak urratzeagatik bideratu dituzte. Zifra horretatik 576 isun gaueko ordutegian zirkulatzeko arauak ez errespetatzeagatik jarri dituzte eta 369 norbera bizi den udalerriko sarrera-irteerak ez errespetatzeagatik. Beste 364 isun eremu publikoetan eta pribatuetan gehienez lau pertsonako taldetan elkartzeko muga ez betetzeagatik jarri dituzte.
Maskara ez janzteagatik edo behar bezala ez erabiltzeagatik, berriz, guztira 342 isun bideratu dituzte. Isunen atalean adierazgarria da kalean alkohola kontsumitzeagatik jarri dituzten isunen kopurua ere, guztira 264 isun-akta bete baitituzte. Gainerako isunen kontzeptuak, besteak beste, ostalaritzan, jatetxeetan edo jarduera fisikoan gutxienez metro eta erdiko tarte fisikoa ez uztea, kalean pertsonen artean bi metroko tartea utzi gabe erretzea eta ostalaritza-establezimenduetan eta jatetxeetan ordutegia ez betetzea dira.
Lurraldez lurralde, honela banatzen da Ertzaintzaren eta udaltzaingoen jarduera bateratua: 376 isun Araban, 1.164 Bizkaian eta 531 Gipuzkoan.
Ertzaintzak baimendu gabeko festak edo ospakizunak zehatu ditu
Ertzaintzak atzotik, igandetik, osasun-araudia urratzen ari ziren eta norberaren eta guztion osasuna arrisku larrian jartzen ari ziren hainbat elkarretaratzetan esku hartu du.
Bilbon, atzo eguerdian, etxebizitza batean festa bat ospatzen ari ziren 11 pertsona, gehienak kanpokoak, identifikatu eta zehatu zituzten. Arratsaldeko lehenengo orduan, herritarren babeserako agenteek urtebetetzeko ospakizun batean esku hartu zuten, eta bertan 13 pertsona heldu eta 19 adingabe zeuden. Bilbon beste 9 pertsonari isun-proposamenak bete zizkieten erdi abandonatuta dagoen taberna batean elkartzeagatik.
Donostian, berriz, atzo, igandea, turismo-etxebizitza batean festa bat ospatzen ari ziren 9 pertsona identifikatu zituzten, eta gaur, astelehena, lokal-diskoteka batean zeuden beste 7ri Ertzaintzak 21 isun jarri dizkie hainbat osasun-arau urratzeagatik. Gaur goizaldean, eta mugikortasunean ezarritako ordutegitik kanpora, Donostian auto batean zihoazen 5 pertsonari jarri dizkiete isunak, eta atzo, Tolosan, beste 8 pertsonari jarri zizkieten isunak taberna bateko aforoa eta elkartuta egon zitekeen pertsona-kopurua gainditzeagatik.