Escape room bat izan da Real Sociedad Challenge-ko ideiarik onena

0

Udaleko Sustapen Ekonomikoak Donostia Sustapenaren bitartez, eta Real Sociedadekin batera martxan jarritako Real Sociedad Challenge erronkaren amaiera-ekitaldia egin da. Proiektu horretan, 14 eta 18 urte arteko 257 ikasle donostiarrek hartu dute parte. Hain zuzen, Reale Arena estadioan zaleengana gehiago hurbiltzeko espazio bat diseinatzeko erronka bete behar zuten ikasle horiek.

Marisol Garmendia Sustapen Ekonomikoko zinegotziaren esanetan, “oso pozik gaude helburu argi batekin martxan jarritako ekimen honek izandako emaitzarekin: gazteei prestakuntzarako eta sormenerako prozesu bat eskaintzea, kasu honetan, Reale Arena bezalako leku erakargarri batean”. Estadio barruan zer egotea nahiko luketen irudikatu behar izan dute gazteek, 3Dko diseinu-programen bitartez. Ideia-fasean dauden proposamen horiek baliagarriak izango dira Real Socidadentzat gazteen interesak ezagutzeko, eta espero dugu aurrera eraman ahal izango direla.

Real Sociedad Challenge proiektua Sustapen Ekonomikoko udal-arloaren estrategiaren barruko ekimena da, eta Donostia Sustapenaren bitartez jarri zen martxan, donostiar gazteek berrikuntzarekin lotutako gaitasunak garatu eta lantzea bultzatzeko helburuarekin. Iazko urrian egindako Berrikuntzaren VII. Astea-WeekINN baliatu zen Real Sociedad Fundazioarekin partekatutako proiektua abian jartzeko. Esan bezala, teknologia berriak ezagutuz eta erabiliz gazteek beren talentua azaleratzea da proiektuaren helburua.