Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburu Javier Hurtadok gaur azaldu duenez, laguntza berriek bizkortasuna eta erraztasuna izango dituzte xede, sektorera lehenbailehen irits daitezen. EITBko En Jake programan egindako elkarrizketa batean, sailburuak gogorarazi du ostalaritzarako laguntzak jasotzeko egin diren 9.850 eskaeretatik (eskaera egiteko epea abenduan amaitu zen) dagoeneko erdiak baino gehiago izapidetu direla, eta 4.000 baino gehiago ordaindu direla.
Otsailaren 3tik aurrera eskatu ahal izango diren zuzeneko laguntzetan 18 milioi euro emango dituen turismoari eusteko Planari dagokionez, bidaia-agentzien egoera zaila azpimarratu du sailburuak. “Kontsumitzaileei dirua itzuli behar izan diete, baina airelineek eta tour-operatzaileek ez diete ordaindu”.
“Pandemiaren aurretik, lehenak ginen lehiakortasun eta jasangarritasun turistikoan. Oraingoan, berriz, laguntzetan izan behar dugu lehenak. Ezohiko egoeren aurrean, ezohiko neurriak hartu behar ditugu”, amaitu du Javier Hurtado sailburuak.