Zarauzko Abendañoko kirolgunea biziberritu da

0

Zarauzko Udalak Abendañoko Kirolgunea biziberritu du aste honetan, besteak beste, ariketak egiteko materiala egurrezkoa zelako eta denboraren poderioz hondatua zegoelako. Horrez gain, korrika egiteko bi zirkuituak markatu egin dira.

Leire Aranak (EAJ-PNV), Kirol zinegotziak azaldu duenez, “Bizi dugun pandemia egoera dela eta, gero eta herritar gehiago gara kirola eta ariketa fisikoa kalean egitera animatu garenak: korrika, bizikletan, paseoak herrian zehar zein inguruko mendietan… Hala, Abendaño Kirolgunea biziberritzeko lanak burutu ditugu, jakinda herritarrak, modu seguruan, aktibo mantentzeko eremu giltzarria bilakatu dela”.

Hori horrela, egurrezko material berria jarri da: luzaketak egiteko barrak, flexioak egiteko barrak, dominadak egiteko barrak, eta egurrezko etxetxoa. Honez gain, Abendaño Kirolgunearen sarreran eremuaren erabileraren inguruko informazio kartela jarri da.

Era berean, bi zirkuitu zirkular markatu dira: laburra, urdin kolorez, 500 metroko distantzia duena, eta luzeago bat, kolore gorriz, 740 metroko distantzia duena. “Errotaberriko lanak direla eta, behin-behinekoz, zirkuitu luzearen distantzia 680 metrokoa izango da. Eremuaren amaieran burutzen ari diren lanak amaitzean, zirkuitua zabaldu eta 740 metrokoa izango da”, adierazi du Kirol zinegotziak.

Udalak Ganboa Lan lorazaintza enpresari esleitu dizkio materialen hornidura eta zerbitzu lanak, 6.300 euroko (BEZ barne) aurrekontuarekin. Materialen hornidura Electro Talleres Zarauz S.A (JOLAS) enpresak burutu du.