Barakaldok Inauterietako ospakizunak bertan behera uztea erabaki du. Covid-19ko pandemiaren egungo egoera dela eta, ezingo da desfile tradizionalik egin; beraz, egoerarekin kontsekuenteak izanik eta indarrean dagoen araudia betez, herritarrei Inauteriak Internet bidez ospatzeko gonbita egingo zaie, mozorroen irudiak bidaliz, lehiaketa birtual batean parte hartzeko. Lehiaketa horretan 1.800 euro zozketatuko dira, 60 euroko 30 saritan. «Erantzukizunez jokatuz, desfileak etetea erabaki dugu. Horregatik, aurten Barakaldon bestelako inauteri bat biziko dugu, koronabirusak kutsa ez gaitzan, eta, beraz, hitzordua online izango dugu», azaldu du Nerea Cantero Kultura, Hezkuntza, Euskara eta Gazteria zinegotziak.
Ez da Inauteririk izango kalean, «Orain arte ezagutu ditugun inauteriek 2022ra arte itxaron beharko dute, baina ez dugu utzi nahi izan, horren egun seinalatuak besterik gabe igaro daitezen; hori horrela, otsailaren 13tik 17ra, barakaldar guztien espiritu eta bihotzetan egongo dira Inauteriak, baita Interneten ere», azpimarratu du zinegotziak.
Horretarako sortutako www.inauteriak.barakaldo.eus web berriaren bidez ikusi ahal izango da mozorroen desfilea. Bertan, mozorroen argazkiak bidaltzeaz gain, hainbat edukiz gozatu ahal izango da, inauteriak etxean eta familian bizitzeko. «Weba hainbat jardueraz hornitu dugu, hala nola, inauterietako tailerrak, Taranboloren jokoak, argazkiak kustomizatzeko tresnak (argazkiak are dibertigarriago bihurtuz), iraganeko inauterietara bidaia, euskal inauterietan murgiltzeko aukera, 1997az geroztiko Barakaldoko Inauterietako kartel zaharretako galeria bat ¿», adierazi du Canterok. «Koronabirusetik babestu beharrak tradizioa ere aldatzera eraman gaituen Barakaldoko inauteri berezi honen historia kontatzeko irudi-bilduma bat bildu nahi dugu; Barakaldon Inauteriak nola bizitu ditugun ikusteko oroigarri bat, eta herritarrek Inauterien inguruko esperientziak eta argazkiak partekatzeko gune bat», azaldu du zinegotziak.
INAUTERI LEHIAKETA
Urtero Inauterietako desfilean banatzen diren sariek bere horretan jarraituko dute. Oraingo honetan, Udalak 1.800 euro banatuko ditu 60 euroko 30 sari zozketatuz argazkia bidali duten guztien artean. «Horregatik animatu nahi ditut herritarrak guztiz bestelakoa izango inauteri honetan parte hartzera», animatu du.
Gainera, txikienek ere jaia bizi dezaten, Taranbolo inauterietako Barakaldoko pertsonaiaren ebakigarri bat sartuko du Udalak postontzietan, aurten kaleetan ibiltzerik izango ez badu ere, etxeetan behintzat ager dadin. Ebakigarriak panpinaren gainean jar daitezkeen lau mozorro dauzka, baita 3Dko Taraboloren irudi bat ere.