Bilboko Udalak 1,8 milioi euroko dirulaguntza eman dio Arte Ederren museoari

0

Bilboko Udalak gaur erabaki du, Gobernu Batzordean, Bilboko Arte Ederren Museo Fundazioarekin duen elkarlanerako hitzarmena berritzea, eta 1.866.667 euro ematea hari dirulaguntza moduan, 2021eko urteko jardueren programazioa garatzeko. Era horretan, Udalak berretsi egin du 2021. urte honetan Bilboko Arte Ederren Museoari ematen dion babesa, eta erregularizatu egin du, hala, 2021ean udal aurrekontuan aurreikusia dagoen izendun dirulaguntza bat eman izanaren ondorioz bi entitateek kulturaren arloan izango duten elkarlana. Gainera, urtarrilaren hasieratik, Museoaren Patronatuaren presidentetza Juan Mari Aburto alkateari dagokio.

Gainera, Udalak onartu du Arte Ederren Museoa Fundazioari 169.147 euro ematea, 2021. urtean, bere liburutegi eta artxiboko ekipamendu eta fondo dokumentalean inbertsioak egiteko, artelanak erosteko eta urtean handitzeko eta berritzeko obrak egiteko.

Udalak, halan, aurrera egiten du Urian garatzen diren kultur ekimenak sustatzeko eta babesteko hartuta daukan konpromisoan. “Kultura funtsezko tresna da uriaren garapen ekonomikorako eta hura nazioarteko mailan kokatzeko, eta, gainera, funtsezko osagaia da Bilboko balioak eta gizartea garatzeko”, adierazi dute.

Alde horretatik, 2000ko azaroan, Udalak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak erabaki zuten, hirurak baitira pinakotekaren ugazaba, Bilboko Arte Ederren Museo Fundazioa sortzea, hura osatzen duten elementuak sustatzeko eta garatzeko. Harrezkero, Fundazioa lanean ari da antzinako arteaz, egungo arteaz eta arte garaikidez osatutako Bilboko pinakotekako bilduma sustatzeko eta garatzeko, eta, horretarako, euskal kultura egokitzeko eta ezagutzera emateko ekimenak sustatzen ditu.