Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailburuaren ustez, Miquel Iceta Lurralde Politika eta Funtzio Publikoko ministro berria izendatzeak Espainiako Estatuak egiteko dituen transferentziak bizkortzen lagunduko du. Olatz Garamendik espero du ministro berriarekin Euskadiren eta Espainiako Gobernuaren arteko aldebikotasuna “indartuta” aterako dela eta transferentziak bi gobernuak onartutako egutegiaren arabera egingo direla.
Bizkaia Irratian egindako elkarrizketa batean, Garamendik Icetaren ibilbideari erreparatuz, deszentralizazioaren eta nazioen onarpenaren aldeko apustua egin duela gogorarazi du. Aurrekari horiekin, transferentzien negoziazioa indartuta aterako dela espero du. “Uste dut oso premiazkoa dela denborarik ez galtzea eta transferentziekin lortu dugun abiadura ez murriztea, eta etengabe lanean jarraitzea. Ministro izendatu berri dute eta denbora eman behar zaio gaiari heltzeko, baina itxaropen hori dut, Icetak orain arte egin dituen adierazpenek itxaropen puntu hori ematen baitigute dagozkigun eskumenak eskualdatzeko”, adierazi du.
Eskumenak eskualdatzeko orduan “abiadura ez murriztea” oso garrantzitsua dela azpimarratu ostean, Sailburuak aurreratu du Icetarekin elkarrizketa zuzena izateko asmoa duela lehenbailehen, “transferentziei buruz eta Funtzio Publikoari buruz hitz egiteko gauza asko ditugulako”.
Garamendik uste du harremanak errazak eta mamitsuak izango direla, baina adierazi du adierazpenak baino garrantzitsuagoak direla ekintzak eta ohartarazi du “gero ikusi beharko dela zein diren ekintzak, badakigulako ministroa ministro dela, baina teknikariak eta beste ministerio batzuk ere hor daudela”, sektoreetako funtzionarioek eta bete ministerio batzuetako titularrek transferentzien inguruko negoziazioetan jarri ohi dituzten oztopoei erreferentzia eginez.
Sailburuak adierazi duenez, errepide garraioaren eskumena eskualdatzeko lanean ari dira, “oso transferentzia garrantzitsua” baita eta, horri esker, Eusko Jaurlaritzak kontsezioak eta gure errepideetan dabiltzan operadoreak arautu ahal izango ditu, besteak beste”.
Garamendik gobernantza partekatuaren garrantzia azpimarratu du, are gehiago pandemiaren une honetan. “Behar direnean erabakiak hartzeko tresna guztiak gure esku izateko”, unean uneko egoeraren arabera eta berehalakoan. “Garrantzitsua da kogobernantza lantzea eta guztiok kultura horretan sartzea”, gaineratu du.
Administrazioko langile publikoen behin-behinekotasunari dagokionez, Garamendi Sailburuak bitartekotasuna murriztearen aldeko apustua berretsi du, eta adierazi du bere saila sindikatuekin harremanetan jarri dela eta aurrerantzean ere hala egitea espero duela. Ildo horretan, Gobernu Kontseiluak Kidegoen eta Eskalen lege-proiektua onartu duela eta Eusko Legebiltzarrera bidali duela nabarmendu du, eztabaidatu eta onar dezan.
“Lege horrek bitarteko langileak sendotzeko prozesuak martxan jartzeko tresna bereziak emango dizkigu”, adierazi du Garamendik, lan eskaintza publikoetan sartzeko txanda bereziak sortzea ahalbidetuko duen lege proiektuaren xedapen gehigarriei erreferentzia eginez. Zentzu horretan, “segurtasun juridikotik” jardutea ezinbestekoa dela gaineratu du, egindako lan guztia “alferrik galdu ez dadin”, auzitegi batek baliogabetzen duelako.