Kontsumobideren kanpainan aztertutako maskaren % 69k akatsen bat dute etiketetan

0

Javier Hurtado Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuak maskara higienikoak eta NBE maskarak ikuskatzeko Kontsumobidek abian jarritako kanpaina aurkeztu du gaur. Olga Santamaria Kontsumobideko zuzendariarekin batera egon da.

Pandemiaren bigarren olatuan (2020ko uztaila-azaroa) egindako kanpainan aztertutako produktuak maskara higienikoak eta NBE maskarak dira, ez, ordea, maskara kirurgikoak; horiek, osasun-produktuak direnez, osasun-agintarien eskumenekoak baitira. Kontsumobidek merkaturatzen diren produktuen etiketak egiaztatzea du helburu, horiek araudira egokitzen direla eta Legeak eskatzen dituen datu eta dokumentu guztiak biltzen dituztela ziurtatzeko.

Sailburuak azaldu duenez, “Maskarak ikuskatzeko kanpainekin lortu nahi duguna da maskaren funtsezko ezaugarriei buruzko informazio eraginkorra, egiazkoa eta nahikoa izateko eskubidearen oinarrizko printzipioa defendatzea eta indartzea. Kontsumobidek etiketatze-arauak betetzen direla zaintzeko lan egiten du, horiek baitira kontsumitzaileek eskuratzen duten lehen informazioa eta bermea”.

Ikuskapena hiru azpikanpainatan egin da: batean maskara higienikoak aztertu dira, beste batean, berriz, NBE maskarak (biak establezimendu fisikoetan), eta, hirugarren kanpainan, Internet bidez saldutako maskara higienikoak eta NBE maskarak aztertu dira.

Kontsumobidek maskarak ikuskatzeko beste kanpaina bat abiaraziko du, zehapen-izaerarekin

Guztira 53 establezimendu aztertu dira, eta horietatik 40 maskara higienikoei dagozkie, eta 13 NBE maskarei. 53 establezimendu horietatik 37k etiketan ez-betetzeren bat zeukaten produktuak zituzten, hau da, aztertutako produktuen % 69.

Establezimendu fisikoetako kanpaina horietan, 2 jardun mota egin dira: batetik, akatsak zuzentzeko eskaera, eta, bestetik, produktua ibilgetzea. Aztertutako maskara askok konpontzeko moduko akatsak zituzten. Hortaz, horiek zuzentzeko eskatu da.

Guztira, 10.914 maskara ibilgetu dira. Horietatik, 2.429 NBE maskaren 4 modelori zegozkien, eta gainerakoak, 8.485, 9 modelotako maskara higienikoak ziren. Ibilgetzearen kasuan, akatsek zerikusia dute fabrikatzailearen datuak ez zehaztearekin, nahastea eragin dezaketen datuak erakustearekin edo jarraibiderik ez ematearekin, besteak beste.

Maskara higienikoen eta NBE maskaren online kanpaina

Online egindako kanpaina Kontsumo Ministerioarekin lankidetzan egin da. Ministerioak esleitutako produktu anitzeko plataforma bat eta gure lurraldean kokatutako 9 enpresen webguneak aztertu dira Euskal Autonomia Erkidegoan. Webgune horietan 9 jarduketa egin dira, eta plataforman 16, eta, kasu guztietan, irregulartasunen bat aurkitu da etiketetan. Irregulartasun gehienak dira ez agertzea enpresa arduradunaren datuak edo ez jasotzea produktua babes-ekipamendu edo osasun-produktu bat ez denaren ohartarazpena. 

Sailburuak nabarmendu duenez, “Kezkagarria da online salmentako plataforma horien kasua. Izan ere, horietan, aztertutako maskaren eta NBE-en % 100ean ez-betetzeren bat antzeman dugu. Gure ustez, kontsumitzaileen eskubideak arrisku handiagoaren pean geratzen dira horrelako euskarrietan. Izan ere, askotan ez dira enpresa fabrikatzaileen datuak ematen, eta horrek zaildu egiten du haiei erreklamazioa jartzea. Horregatik, online erosketetan kontu handiz ibiltzeko eta arreta berezia jartzeko eskatzen dugu, erosten den produktuaren ezaugarriak egiaztatzeari dagokionez”.

Era berean, sailburuak egoeraren arabera eguneratutako beste jardun bat iragarri du. Hortaz, zehapen-kanpaina bat jarriko da abian. “Egia da ez garela pertsonen osasunean eta produktuaren baliozkotasunean eragina duten ez-betetzeez ari, ez-betetze horietako asko konpon daitezkeelako, baina informazio argia eta egiazkoa izateko eskubidea urratzen dute”, zehaztu du.

Gainera, kontsumitzaile eta erabiltzaileei zuzendutako informazio-kanpaina bat gehituko da, erraz jakin dezaten eskuratzen dituzten maskarek zein baldintza bete behar dituzten eta maskarak erosteko eta erabiltzeko garaian zein ezaugarri nagusiri erreparatu behar dieten.

Sailburuak bilera bat egingo du bihar Alberto Garzón Kontsumoko ministroarekin, kontsumoaren arloko hainbat gai jorratzeko. Ildo horretatik, besteak beste, ikuskapen-kanpainari buruz ere arituko dira.