Marcelino: “Gogoa eta ilusioa edozeren gainetik daude”

0

Marcelino Garcia Toral hedabideen aurrean agertu da Athleticek Betisen aurka Benito Villamarinen jokatuko duen neurketaren atarian. Lehoiek baikortasunez jokatuko dute Errege Kopako final-laurdenetako partida: “Jokalariak oso ondo ikusten ditut, ilusioz beteta. Talde aparta daukat. Gogotsu daude, irabazleak dira, eta beti dena ematen dute. Ahalik eta talde lehiakorrena aterako dugu kanporaketa gainditzen saiatzeko. Hiru partida falta zaizkigu titulu batengatik berriz lehiatzeko aukera izateko eta arreta osoa partida honetan jarri behar dugu finalerdietan egoteko”.

Athleticek aurkari gogorra izango du aurrean, Real Betis; izan ere, denboraldikota unerik onenetako batean dago, 2021ean porrotik jaso gabe. Azaroan, lehoiek 4 goleko aldearekin irabazi zioten talde berdeguneari LaLigan, baina biharkoa ezberdina izango da. Horren aurrean, Marcelinok Manuel Pellegriniren taldearen sasoi ona aitortu du, baina bere jokalarien egoeraz ere ohartarazi du: “Betis dinamika onean dago, baina gu ere bai. Ligako partidari dagokionez, taldeak momentu ezberdinetan eta etapa ezberdinetan daude. Ñabardura esanguratsuak daude. Garrantzitsuena? Hau final bat balitz bezala da. Irabazten duenak finalerdietan jarraituko du eta galtzen duenak etxera joango da. Finalerdietan egoteko ilusio handia dugu eta indartsu borrokatuko dugu hori lortzeko”.

Beste titulu bat lortzeko aukerari dagokionez, entrenatzaile asturiarra hurbilen dagoen norgehiagokan zentratzearen aldekoa da: “Nik ez dut presioa sentitzen. Nire ideia beti da berehalakoan begirada jartzea. Apirilaren 3an, aurreko Kopan lortutako final bat jokatuko dugu, eta, orain, berehala datorren partidan jarriko ditugu indarrak, biharkoa, alegia. Guk geure buruari presioa egin behar diogu partida on bat jokatzeko, egunero egiten dugun bezala. Irabazteko gogoz eta konbentzimenduz aurre egin behar dugu. Alde ona ikusten saiatzen naiz beti. Lehiatzea, irabaztea eta tituluak eskuratzeko aukera gertu izatea baino gauza politagorik ez dago”.