“Zenbat dakizu Donostiari buruz?”

0

Mugikortasuneko murrizketen aurrean, Donostia Turismoak tokiko espazio kulturalak babesteko eta bultzatzeko ekimena jarri du abian, Donostialdeko museo nagusiekin elkarlanean: San Telmo Museoa, Eureka! Zientzia Museoa, Aquariuma, Chillida Leku, Euskal Itsas Museoa, Albaola eta Cristóbal Balenciaga Museoa.

Batez ere gertuko hartzaileei zuzendutako lehiaketa baten bidez, Donostiari buruzko ezagutzak proban jarriko ditugu, datu historiko eta bitxikeriak eskainiko ditugu, eta parte-hartzaileak inguruko kulturan sakontzera animatuko ditugu, haien artean bertako museoak, arte-galeriak eta beste kulturgune batzuk bisitatzeko interesa pizteko. Galdetegia beste hizkuntza batzuetan ere egongo da eskuragarri bisitariek gure kulturari buruz ikas dezaten.

Lehiaketa martxan

Lehiaketa otsailaren 3tik 24ra bitartean egongo da zabalik www.sansebastianturismoa.eus webgunean eta erantzun zuzen gehien ematen dituzten pertsonen artean 70 sarrera baino gehiago eta itsasora begira dagoen logela batean bi lagunentzako gaualdi bat eta gosaria zozkatuko ditugu Hotel de Londres e Inglaterran.

«Zenbat dakizu Donostiari buruz?» test motako 15 galderen lehiaketaren helburua da, ezagutza kulturalak egiaztatzea, gure hiriari, museoei eta inguruari buruzko informazio historikoa eta bitxikeriak eskaintzea, eta parte-hartzaileak Donostialdeko kulturguneak bisitatzera animatzea.

Batez ere, Donostiako eta inguruko hartzaileei zuzenduta egongo da, baina 4 hizkuntzatan (euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez) egongo da eskuragarri eta munduko edozein txokotatik parte hartu ahal izango da. Hala, orain bidaiatu ezin duten guztiek gure kulturari buruz gehiago ikasi eta Donostialdeko kulturguneak bisitatu ahal izango dituzte etorkizun laburrean.