Zortzi aldiz ugaritu da ikasle kopurua 2020an Kirolaren Euskal Eskolan

0

Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zuzendaritzaren mende dagoen Kirolaren Euskal Eskolak 2020. urtean nabarmen ugaritu zuen bere jarduera. Kirol teknikarientzat etengabeko formakuntza eta formakuntza arautua eskaintzen ditu batez ere eta iaz guztira 7.653 ikasle izan zituen. Ehuneko % 154,5 hazi zen ikastaro edo ekintza kopurua eta ehuneko % 688 ikasleena. Aurreko urtearekin alderatuta nabarmena izan da parte hartzaileen kopuruaren igoera:

  Ekintza Kopurua Ikasle Kopurua

 

Formakuntza Mota 2019 2020 2019 2020
Etengabekoa 13 55 594 7.064
Arautua 20 29 376 589
Guztira 33 84 970 7.653

 

Etengabeko formakuntzan parte hartzen dutenek besteak beste, honako gai hauetan trebatu ziren 2020an:

  • Entrenamenduak
  • Kudeaketa
  • Kirol Hastapena
  • Kirol Inklusiboa
  • Portaeraren Zientziak
  • Goi mailako errendimendua

Araututako prestakuntzan parte hartu zuten 589 lagunek maila desberdinetako entrenatzaile ikastaroa egin zuten honako kirol hauetan:  gimnasia erritmikoa, surfa, txirrindularitza, padela, herri kirolak, halterofilia, patinajea, arrauna, taekwondoa, karatea, kIckboxing-a.

2020. urteko pandemiak eraginda eskola kiroleko begiraleek derrigorrez egin behar izan dute entrenamenduak zuzentzeko prebentzio ikastaroa eta Kirolaren euskal eskolak eskaini du ikastaroa. Online egin da trebakuntza eta guztira 12.500 ikaslek parte hartu dute. Inoz Kirolaren Euskal Eskolak eskaini duen ikastarorik arrakastatsuena izan da.

Bestelako ikastaroak 

Kirolaren Euskal Eskolan bestelako ikastaro eta ekintza batzuk ere garatzen dira. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako foru aldundiekin esaterako, eskola kiroleko teknikari berriak trebatzeko kalitatezko formakuntza ofiziala eskaintzen da. 60 ordutako ikastaroa izaten da eta e-learning-en bidez egiten da. Igazko azarotik hona 3 ikastaro egin dira eta guztira 450 ikasle egon dira.

Kudeaketa aurreratua bultzatzen duen Euskalit erakundearekin batera ere kirol entitateetan kudeaketa aurreratu hori bideratzeko ikastaroak egiten dira.

Digitalizazio prozesua

Kirolaren Euskal Eskolak eraldatze digitaleko prozesu bat abiarazi zuen 2019. urtean zehar, eta iaz, 2020an, Covid-ak eragindako osasun egoerak prozesu hori indartzea eta bizkortzea ekarri zuen. Horrek kirol formakuntzan erreferente bilakatu du Kirolaren Euskal Eskola. Gaur egun ere eskaintza digitalaren aldeko apustuarekin jarraitzen du eta online ematen dira trebakuntza ikastaro guztiak. Gaur egun honako hauek daude martxan:

  • Kirol psikologiako webinar serieak
  • Kirolera bideratuta distantzian lan egiteko tresnen ikastaroa
  • Eskola kirolean begirale laguntzaile izateko ikastaroa

Kirolaren Euskal Eskolak bere Youtubeko kanalean ere jartzen du material guztia eskura. Iaz 55.000 pertsonak ikusi zuten bertako edukiren bat.