Adinekoentzako egoitza-zentroen dekretua egunera dadin sustatzeko asmoa duela azpimarratu du Beatriz Artolazabalek

0
PRUEBA

Beatriz Artolazabal, Eusko Jaurlaritzako Berdintasuneko sailburuak, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak 2019aren erdialdean onetsi zen adinekoentzako egoitza-zentroen dekretua eguneratzea sustatuko duela esan du; “orduan, egungo pandemia zientzia-fikziozko gidoi baten argumentua baino ezin zitekeen izan”.

Berrikuspen horretan, “osasun-krisiaren ondoriozko ikaskuntzak hartuko ditugu kontuan, baina aukera zabalagoarekin, egoitza-aukeren dibertsifikaziora bideratuta, beharren arabera”, esan du. Horretarako, pertsona oinarri duen arretaren ikuspegia sendotuko da; hura aurreikusten du, dagoeneko, indarrean dagoen dekretuak.

Gainera, Artolazabalek esan du “birpentsatu” egin behar direla egoitza-zentroen eta etxeko bizitzaren arteko tarteko aukerak,  “adinekoek eurek adierazi duten nahiaren arabera sendotu beharreko lehentasunezko aukera baita”.

Helburua da “zaintza-eredua eraldatzea” eta, horretarako, erakunde- eta familia-zaintzaren arteko oreka berria bilatzea, lehenaren alde. “Arreta-piramidea alderantzikatu nahi dugu eta, horretarako, etxean bizi diren pertsonentzako arreta sendotu, lehen eta bigarren mailako arretatik”.

Elkarrekin Podemoseko Isabel Gonzálezek Eusko Legebiltzarrean COVID-19aren kutsaduraren hirugarren olatu honetan egoitzei buruz eginiko interpelazioari erantzuteko, Beatriz Artolazabalek esan du “sistemak egoki jardun duela”.

Artolazabalek adinekoekin esku hartzeko Espainiako eta Portugaleko Médicos sin Fronteraseko doktore arduradunak sinatutako gutuna ere aipatu du; hartan, hitzez hitz aipatzen da honako hau: “Badakigu laguntza-mekanismoek Euskadin funtzionatu dutela. Egoitzek infekzioa prebenitzeko eta kontrolatzeko zirkuituak eta neurriak ezartzeko eta betetzeko ahalegin handia egin zutela ikusi zen. Euskadin, erabakien ezarpena arinagoa izan dela nabaritu dugu, ez beste autonomia-erkidego batzuetan bezala; haietako batzuetan, nork gobernatu behar zuen, lankidetza urria egon zen erakundeen artean”.

Berdintasuneko sailburuak esan du gaur egun Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemako hiru eurotik ia bat adinekoen egoitzetara bideratzen dela.

Sailburuak esan duenez, lehen unetik “Euskadiko egoitzetan kontingentzia-planak onetsi ziren”. Artolazabalek gogorarazi duenez, “eta beste modu batera izan ezin zenez”, pandemiaren lehen unetik Osasun Sailak hartu du bere gain, zuzenean, foru-aldundiekiko ezinbesteko koordinazioa adinekoentzako egoitza-zentroetan pandemiaren osasun-kudeaketarako. Izan ere, esan duenez, “argi izan genuen eta dugu ezinbestekoa dela Osasunarekin harreman estua eta zuzena izatea, Euskadin eta planeta osoan bizi dugun osasun-krisi larri honen testuinguruan, koordinazio soziosanitario arruntaz bestelakoa”.

Ekintzak

Artolazabalek Gizarte Politiketako Sailburuordetzak azken hilotan garatu dituen ekintzetako batzuk aipatu ditu.

Besteak beste, Eusko Jaurlaritzaren zuzeneko ekintzan parte hartzen duten zerbitzuak pandemia-egoerara egokitzea; bertan, BetiON teleguntza aurreratuaren sendotzea nabarmentzen da. Tresna hori eraginkorra da, eta “egoitzetan adineko kalteberen sarrera atzeratzen laguntzen du”.

Edo COVID-19aren gizarte-inpaktuari erantzuteko programa bereziak abiaraztea, bereziki bazterketaren eremuan, baina baita adinekoen eta beren familien arretan ere, Guztion Artean, Adi eta Betirako programen bidez.