Gaur aurkeztutako proiektuaren bidez energia iraunkorra sortzeko herritar kooperatibak bultzatuko dira herriz herri: lehen proiektua Azpeitian jarriko da abian, epe laburrean. Kontsumitzaileen parte hartze zuzena bilatzen duen kooperazio proiektuaren bidez, udalen eta tokian tokiko administrazioen eta eragileen esku hartzea ahalbideratuko du energia sortzeko instalazioetan.
Urtebete inguru darama Azpeitiko Udalak Ekiola Energia Sustapenak sozietatearen sortzaile nagusienetako Mondragon Corporación-eko Krean ingenieritzarekin elkarlanean: “Guretzat pozgarria da duela urtebetetik lanean ari garen proiektu batean eta egiteko modu batera beste erakundeak batu eta elkarlanean aritzea. Eta, poza ematen digu Azpeitian abiatuko den proiektu hau herriz herri zabalduko dela jakiteak”, adierazi du Alkortak.
Tokiko ekonomia, herritarren ekonomia eta ekonomia berdea sustatzea helburu dituen proiektua da: “Ingurumena babesteko eta aldaketa klimatikoari aurre egiteko burujabetza energetikoaren baitan aurrera pauso garrantzitsua izango da”. Proiektuak egiteko modu berri bat ekarriko duela azpimarratu du, eta horregatik izango dela garrantzitsua. Herritarrekin batera “publikoa eta komunitatea uztartuz” modu kooperatiboan aritzeko bidea izango da.
Datorren astean emango dituzte Azpeitian garatuko den proiektuaren inguruko xehetasun guztiak.