Beatriz Artolazabalek Euskadin Gerra Zibilean hildako biktimen datu-basearen web-bertsioa aurkeztu du

0

Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak, gaur, Bilbon, Euskadin gerra zibilean hildako biktimen datu-basearen web-bertsioa aurkeztu du. José Antonio Rodríguez Ranz Giza Eskubide, Memoria eta Lankidetzako sailburuordearekin eta Aintzane Ezenarro Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko zuzendariarekin batera aurkeztu du.

Gaurtik aurrera web bidez kontsulta daitekeen datu-basea gerra zibilean eta lehen frankismoan (1936-1945) Euskadin hildako biktimei buruzko eta gerraren ondorioz Euskaditik kanpo hil diren euskal herritarrei buruzko ikerketaren ondorio da. Gaur egun, 20.970 hildakoren fitxak jasotzen ditu: 19.962 gizonak, 977 emakumeak eta 31 hildakoren kasuetan ezin da generoa zehaztu.

Azken batean, gerra zibilaren biktimen lehen erakunde-errolda da, eta, Beatriz Artolazabal sailburuak nabarmendu duenez, proiektu honen bitartez “Gogorak memoria partekatua, irekia, inklusiboa, kritikoa eta etikoa eraikitzea sustatzen du; bizikidetzarako memoria bat”.

Egindako ikerketatik ondorioztatzen da gaur egun oraindik ez dela ezagutzen 7.795 pertsona non dauden lurperatuta, eta egiaztatu da familiek informazioa biltzeko duten interesa; izan ere, 1.500 pertsona inguruk eskatu diote haiei buruzko informazioa Eusko Jaurlaritzari. Egindako ikerketak erakusten du badaudela heriotza inolako artxibo-iturri kontsultagarritan erregistratuta ez duten zenbait hildako; hori dela eta, Gogorak dei egiten die gerra zibilean eta diktadura frankistaren lehen urteetan hildakoen familiei, beren familiartekoei buruzko informazioa emateko. Modu berean, Memoriaren Institutuak familia horiek datu-baseak kontsultatzera animatzen ditu, bai eta daukaten informazioa eta/edo dokumentazioa aurkeztera ere.