Donostiako Altza auzoan 50 ibilgailuentzako lur gaineko aparkaleku berria egingo da

0

Gobernu Batzordeak bihar, asteartea, otsailak 9, onartuko du Altza auzoan 50 ibilgailurentzako lur gaineko aparkaleku batez hornitzeko proiektua. Donostian ingurumen jasangarriaren aldetik eraikiko den lehena izango da.

Marisol Garmendia Ekologia zinegotziak adierazi duenez, «aparkaleku berri hau Felix Iranzo pasealekuaren amaieran dagoen udal-titulartasuneko lurzati batean egokituko da, Sasuategi bidearen hasieraren ondoan, gaur egun sastrakaz beteta eta erabilerarik gabe dagoen lursaila baita. Lur gaineko aparkaleku berri honek Altza bezalako auzo jendetsu batean aparkatzeko dauden gabeziak arintzea du helburu».

Berritasunak

Garmendiak azpimarratu nahi izan duen aparkalekuaren berritasun garrantzitsuenetako bat da «drainatze jasangarriko sistema bat izango duela, euri-urak kudeatuko dituena urak iragazteko gai diren zoladura-geruzen bidez, Udalak jasangarritasunaren alde eta klima-aldaketaren aurkako borrokan egiten duen apustuaren barruan beste neurri bat gehiago».

Horretarako, eraiki beharreko aparkalekuak lur naturalaren ahalmen bera izango du euri-urak xurgatzeko. Horrela, zoladurak hainbat drainatze-geruza izango ditu, ura iragazi, biltegiratu eta lurpera askatzen duten materialez eginak.

50 ibilgailu

Aparkalekuak 43 plaza izango ditu ibilgailuentzat eta bi gune motorrentzat. Gainera, lursailaren inguruak egokituz gero, autoentzako beste 5 plaza eta motorrentzako beste gune bat lortuko dira; beraz, guztira, autoentzako 48 plaza eta motorrak aparkatzeko hiru eremu izango dira, 1.250 metro koadroko azaleran.

Proiektuak, gainera, ingurunea egokitzea ere aurreikusten du. Arriberri kalearen amaiera da, itxura hobetuko duena, bertatik doan ibilgailuen trafikoa hobeto erregulatuko duena, argiteria publikoa indartuko duena eta Iberdrolak inguruan duen azpiestazio elektrikotik ateratzen diren erdi-tentsioko dorretxoak lurperatuko dituena.

Proiektuak 328.266 euroko aurrekontua du, eta obra gauzatzeko 4 hilabeteko epea, gutxi gorabehera.