Donostiako Musika eta Dantza Eskola Kontseiluaren berritzea

0

Eskola komunitatea osatzen duten pertsonek eskolaren gobernuan parte hartzeko organoa da Eskola Kontseilua. Honako hauek osatzen dute: lehendakariordeak, Erakunde Autonomoaren Kudeatzaileak, Pedagogia Koordinatzaile Orokorrak, Klaustroak aukeratutako hiru irakaslek, ikasleen arduradunen hiru ordezkarik, ikasleen hiru ordezkarik, administrazio eta zerbitzuetako langileen bi ordezkarik eta Kontzertu eta Emanaldien Koordinatzaileak.

Eskolaren Antolamendu eta Funtzionamendu Araudiak 9.3 artikuluan adierazten duenez, Eskola Kontseilua osatzen duten pertsonen agintaldia 2 urtekoa izango da, izendatzen direnetik kontatzen hasita.

Hori horrela, Donostiako Udalaren Musika eta Dantza Eskolak, hezkuntza komunitate osoari, hau da, ikasleei, gurasoei eta Eskolako langileei, jakinarazi nahi die Eskola Kontseilurako ordezkariak aukeratzeko prozesua hastekotan dela, eta, era berean, Eskola Kontseilua osatzeko eta ordezkariak hautatzeko hurrengo egutegia zehaztu nahi du.

2021eko otsailaren 8tik 20ra bitartean, izangaiak idazki bidez aurkeztu ahal izango dira Eskolako Erregistroan. Ezinbestekoa izango da ordezkari izan nahi duten taldeetako kide direla egiaztatzea: ikasleak, gurasoak, irakasleak edo irakasle ez diren langileak.

2021eko otsailaren 22an, hautagaitzak argitaratu egingo dira. Hautagairik ez badago, izangaiak aukeratzeko bozketaren xede den kolektiboa osatzen duten lagun guztien artean egingo dira bozketak.

Egungo osasun-baldintzak, Eskola Kontseilu berri bat osatzeko erronka bat dira antolaketan. Egungo egoera pandemikoa dela eta, egokia dirudi online bozketa-sistema bat ezartzea, INIKA plataformaren bidez. Emandako botoen konfidentzialtasuna bermatzeko, Atotxako, Dantzako eta Herrerako egoitzetako idazkariak izango dira botoen zenbaketaren arduradun bakarrak.

Online bozketak 2021eko otsailaren 24tik 27ra bitartean egingo dira estamentu guztietan. Berariaz eskatzen dutenek eskolako administrazioan utzi ahal izango dute botoa gutun-azal itxian. Lananizdun langileak arduratuko dira botoak zaintzeaz, eta botoen gaineko kontrola izango dute. INIKAren bidez bozketa bat erregistratu bada, gutun-azal itxian jasotako botoak ez du baliorik izango erabiltzaile bakoitzeko boto bat bermatu ahal izateko.

Bozketen emaitzak Eskolako iragarki-taulan argitaratuko dira, jasotako botoak zenbatu ondoren. Eskola Kontseilua 2021eko martxoaren 4an eratuko da, 15:00etan, aurrez aurre edo online.