Eusko Jaurlaritzak garapen jasangarrirako tokiko 163 proiektu babestuko ditu

0

Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak erabaki du 3,3 milioi euro bideratzea 2022ra arte garapen jasangarrirako ekintzak aurrera eramateko udalen eta toki-erakundeen 163 proiekturi laguntzeko. Proiektuok lehentasuneko bost jardun-eremutan gauzatuko dira: klima-ekintza, ekonomia zirkularra, lurzoru kutsatuak, natura-ondarea eta jasangarritasunaren aldeko hezkuntza.

Proiektu horiek udalek, mankomunitateek, tokiko garapen-agentziek eta beste toki-erakunde batzuek garatuko dituzte. Horietatik 67 Gipuzkoan egingo dira; 64 Bizkaian, eta 32 Araban. Guztira, 115 erakunde onuradun dira; horietatik 17k lehen aldiz parte hartzen dute programa honen barruan dirulaguntza eskatuz. Laguntzen guztizko kopurua pixka bat handitu da aurreko urtearen aldean.

Klimaekintzaren ildoari jarraikiz, diruz lagundutako proiektuekin 7.900 tona CO2 murriztea lortuko da, eta 22.300 tona CO2 atzematea, 39 lur-hektarea baino gehiago landatzeari eta basoberritzeari esker.

Jarduketa-lerro honen proiektuek, halaber, 7 km-ko bidegorria eta 403 aparkaleku egitea aurreikusten dute, udalerrien barruko trafikoa saihesteko, eta 5 ibilgailu elektriko berri erostea udal-flotentzat.

Era berean, 19 udalerrik klima-aldaketa arintzeko eta klima-aldaketari egokitzeko planak egingo dituzte; halaber, neurriak abian jarriko dituzte, lurraldearen erresilientzia handituz klimaren inpaktu negatiboei aurre egiteko. Aurten, gainera, karbono-hustubideei lotutako beste lerro bat garatu da, karbono bidezko neutraltasun-helburu markatuak lortzeko ezinbestekoa dena.

Ekonomia zirkularraren proiektuen bidez, gaikako bilketa handitu eta errefus-hondakinen sorrera murriztu nahi da: aurreikusten da urtean 7.260 tona errefus-hondakin gutxiago biltzea eta 5.790 tona artekoa izatea biohondakinen gaikako bilketa hondakin organikoei dagokienez.

Dirulaguntza jaso duten beste jarduketa batzuek helburu hauek dituzte: 19 konposterako instalaziotan kontrol analitikoak garatzea konpostatutako materialen kalitatea zehazteko; udalerrien garbiketa-zerbitzuetarako 400 m3 arte ur berrerabiltzea; ia 1.560 enpresarekiko prestakuntza-ekintzak egitea; hondakinen arloko 2 ordenantza fiskal lantzea ekonomia zirkularraren irizpideen arabera; zuntz-zementuaren inbentarioa egitea; eta udalerrietan ekonomia zirkularrarekin lotuta etorkizunean egin beharreko jarduketak diseinatzeko azterlan bat egitea.

Lurzoru kutsatuei dagokienez, diruz lagundutako jarduketak bideratuta daude 60.500 m2-tik gorako guztizko azalera aztertzera; 74.100 m2-ko azalera globala osatzen duten areak berreskuratzera; eta lurren 85.640 m2-ri ingurumen-jarraipena eta -kontrola egitera.

Natura-ondarearen lerroaren proiektuek intereseko habitaten 84 hektarea baino gehiago kontserbatzea, leheneratzea eta hobetzea sustatzen dute, baita ingurumena berreskuratzeko jarduketak egingo diren 11,6 hektareako lurrak erostea ere, eta Natura 2000 Sareko 102 hektareatan jardutea. Ekintza horietako asko ahulak diren fauna-taldeei zuzenduta daude –kiropteroei edo anfibioei, esaterako–, 15 hezegune hobetuz eta leheneratuz, eta ehun babes natural nahiz artifizial baino gehiago antolatuz eta egokituz.

Ibaiek eta ibaiertzek ere pisu handia dute. Diruz lagundutako proiektuek landaredia biziberritzen eta hondakin solidoak garbitzen lagunduko dute Urola, Oria eta Arakil ibaietako ibai-ibilguetako 12 kilometro baino gehiagotan.

Azkenik, jasangarritasunaren aldeko hezkuntzaren ildoa 76 udalekin eta 319 ikastetxerekin lankidetzan aritzen da, eta 173.700 ikasle baino gehiago inplikatzen ditu eremu desberdinetan, hala nola klima-aldaketan, elikadura jasangarrian, plastikoaren erabileraren murrizketan, ekonomia zirkularrean eta hondakinetan.

 

Proiektu nabarmenak lurralde historikoen arabera

Araban, proiektu hauek nabarmentzen dira:

  • Uholde-lautada kontrolatua sortzea ibaien artean Zirauntza ibaiaren ibaiertzeko pasealekuan (Asparrena), eta erabiltzen ez den udal-orubea berreskuratzea hiriko parke edo hiri-zuhaizti gisa, klima-aldaketaren aurkako lurraldearen erresilientzia sustatzeko eta herritarren osasuna hobetzeko.
  • Oteoko Administrazio Batzarrak “Balsilla de los Alaveses” izeneko eremua hobetzeko proiektu bat sustatzen du. Eremua Arabako hegoaldeko mendilerroak KBE/HBBEn dago, Natura 2000 Sarearen barruan, eta anfibioen populazioa –fauna-talde bereziki mehatxatua– kontserbatzeko duen garrantziagatik nabarmentzen da.
  • Apellanizen (Izkiko Parke Naturala) gaztainondoen tokiko barietateak berreskuratzea, kontserbatzea eta landatzea. Batasunaren intereseko habitat hau bereziki enblematikoa da Arabako mendietan, bertan gaztainadiak oso lotuta baitaude nekazaritza- eta basogintza-kudeaketa jasangarriarekin.
  • Amurrion ordenantza fiskal bat prestatzea eta ezartzea etxeko hondakinak, merkataritza-hondakinak eta industria-hondakinak kudeatzeko zerbitzua eskaintzeagatik, ekonomia zirkularraren eta hondakinen sorreragatiko ordainketa-sistemen pilotajearen irizpideen arabera.
  • Vitoria-Gasteizko industrialdeetan atez ate biltzeko sistema bat ezartzeari buruzko azterlana.

Bizkaian:

  • Lurzoruaren kalitatearen ikerketa xehatua, Bidebarrieta paperontzi zaharrean (Ea). Lurzoru kutsatuen, klima-aldaketaren eta biodibertsitatearen jarduketak biltzen dituen ekintza global baten barruan dagoen proiektua da, eta bisoi europarra babesten duen ibai-korridore batean garatzen da.
  • Gautegiz-Arteagako Udalak Kantera Gorriaren (Ereño) ingurumen-hobekuntzarako proiektua sustatzen du. Interes geologikoko leku horretan, eragiten dioten mehatxu nagusiei aurre egingo zaie: espezie exotiko inbaditzaileen eta kontrolik gabeko isurketen (obra-hondakina…) ondoriozko ingurune-degradazioa.
  • Barrikako kostaldearen interes geologikoa babestea, kontserbatzea eta balioan jartzea (Kurtziomendi-Barrikako hondartza-Flysch), itsasertzeko bidea zainduz, irisgarritasuna hobetuz eta paisaiari balioa emanez baliabide didaktiko eta turistiko gisa.
  • Berrizen lur degradatuetako baso-masa autoktonoak leheneratzea. Horietako asko Pinus radiataren landaketa intentsiboek okupatzen zituzten orain arte. Horrela, etorkizunari begira baso-kudeaketako eredu jasangarriagoari eta biodibertsitatea gehiago errespetatzen duenari bidea zabalduko zaio.
  • Larrabetzuko Sasinebasoko haltzadi kantauriarra eta hariztia berreskuratzea eta balioan jartzea. Proiektu honetan, habitat naturalak berreskuratzeko eta balioan jartzeko eta konektagarritasun ekologikoa bultzatzeko jarduketa ugari proposatzen dira, degradatutako eremu bat berreskuratuz.
  • Lea Ibarraren mankomunitatean hondakinak pisatzeko sistema, hondakinak biltzeko zerbitzuan 2019an gauzatu zen egokitzapenaren jarraipen gisa. Bizkaiko aitzindariak izan ziren edukiontzien uharte osoak instalatzen eta sarrailak eta identifikazioa jartzen errefusaren eta hondakin organikoen edukiontzietan. Proiektuak aurreikusten du kamioietan pisatze-sistema bat ezartzea, uharte guztien jarraipena egiteko eta hobetzeko ekintzak egin ahal izateko puntu gatazkatsuetan.

Gipuzkoan:

  • Palmera Montero auzo-zentroan (Irun) lurzorua berreskuratzeko proiektua, bi fasetan: lurpeko lurrunen tratamendua lurpeko aparkalekuan, eta lurpeko uren tratamendua.
  • Donostian hutsik dauden artifizializatutako kokalekuen inbentarioa, etorkizuneko jarduketetarako informazioa biltzeko aukera emango duen proiektu berritzailea.
  • Aralarko Parke Naturalean eta Aralarko kontserbazio bereziko eremuan kokatutako kobak eta hiru hezeguneak berreskuratzea. Jarduketa horiek eragin positiboa izango dute anfibioentzat, batez ere gailurretako uhandrearentzat; espezie hori espezie kaltebera da Espezie Mehatxatuen Euskal Katalogoaren (EMEK) arabera. Kobetako garbiketa-lanek mesede egingo die zuzenean kobetako kiroptero-komunitateei, habitat-mota honetako berezko espezie mehatxatu direnei.
  • Ataunen Batasunaren intereseko bi habitat kontserbatzea eta leheneratzea: harizti galaiko-portugesak eta pagadi azidofiloak, horrela baso-habitatei lotutako espezie babestuen alde eginez, esaterako, gau-saguzar handia (Nyctalus lasiopterus), EMEKen kaltebera gisa katalogatutako espeziea, eta zona horretan duela gutxi egiaztatu dena.
  • Erabilera anitzeko azpiegitura berdea diseinatzea Adunako hirigunean kokatutako erabili gabeko lurzati batean. Hiri-parkea izango da natura espazio publikoan txertatuko duena, konponbide naturalen bidez klima-aldaketaren inpaktuetara –batez ere bero-boladetara– egokitzea errazteko. Gainera, hirigintza-plangintza eta kudeaketa parte-hartzailea erraztuko dira, hiri-berrikuntza bultzatzeko konponbide naturalekin.