2020/2021 ikasturtean seme-alabak zaintzeko langileak kontratatzeko laguntza ildo berria

0

Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak salbuespenezko beste laguntza-ildo bat abiarazi du, familia- eta lan-bizitza uztartzeko. Proposamen horren bidez, 2020/2021 ikasturtean 3 eta 14 urte bitarteko seme-alabak zaintzeko langileak kontratatzeko dirulaguntza emango da. Horretarako, Familia eta Haurren Zuzendaritzak 3 milioi euro bideratuko ditu.

Orain arte, 3 urtetik beherako semeak eta alabak dituzten familientzako antzeko dirulaguntza ildoa zegoen. Baina, Covid-19ak eragindako egoeraren ondorioz, seme-alabak dituzten familiek zailtasun handiagoak dituzte, eta, hori dela eta, Eusko Jaurlaritzak, salbuespen gisa, ildo berri hori abiarazi du.

Zehazki, agindu berri horren bidez, Etxeko Langileen Sistema Berezian –Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean integratuta dago– alta emanda dauden pertsonen kontratazioa diruz lagundu ahalko da. Dirulaguntza enplegu-emaileak Gizarte Segurantzaren sistema berezi horri ordaintzen dion kopuruaren % 100ekoa izan ahalko da, eta errentaren araberakoa izango da. Hala, familia eskatzaileak 20.000 euroko edo gutxiagoko familia-errenta estandarizatua duenean, % 100a lagunduko zaio diruz. Hura handiagoa denean, laguntza  % 75era artekoa izango da.

Laguntza horiek martxoaren 1etik ekainaren 30era eskatu ahalko dira, baina atzeraeragina izango dute, 2020/2021 ikasturte osora, 2020ko irailaren 1etik ekainaren 30era, biak barne. Laguntza horiek eskabideak aurkezteko hurrenkerari jarraikiz esleituko dira.

Dirulaguntza jaso ahal izateko, eskatzaileek lanaldi osoari dagokion iraupeneko lanaldia izan beharko dute, lan-jarduera egiten duten sektorean, familia ugarien kasuan izan ezik; azken horretan, gurasoetako bat lan-murrizketan egotea onartuko da. Langilea gutxienez 59 egun naturalez kontratatu beharko da edo kontratatu behar izan da; egun horiek ez dute zertan etengabeak izan.

Motibazioa

Pandemiaren egungo testuinguruan, kargura seme-alabak dituzten familiek zailtasunak dituzte kontziliatzeko, eta ama eta aita langile ugarik etxean zaintzaileak kontratatzea erabaki dute, beren lanak seme-alabek behar dituzten arretarekin eta zaintzarekin bateragarri egin ahal izateko. Horrela, zati batean, erantzukizun hori amonek edo aitonek edo familiako nagusienek beren gain ez hartzea erabaki dute; izan ere, koronabirusaren hedapenean kolektibo kalteberenetako bat da, eta, kolektibo horren adina aintzat hartuta, babestu egin behar da.

Ildo honen bidez, batetik, Covid-19aren osasun-larrialdiko egoeraren inpaktu ekonomikoa arindu nahi da seme-alabak dituzten familietan, eta, bestetik, kontratatzen diren pertsonek zaintzetarako eta etxebizitza bizitzari eusteko egiten duten lanaren balioa nabarmendu nahi da.

“Nagusiki, agindu honen helburua da batik bat emakumeek beren lana eta lanbide-karrera garatzen jarraitu ahal izatea eta, aldi berean, etxeko lanaren eta etxe barruan egiten den zaintza-lanaren gizarte- eta ekonomia-aitorpena egitea. Hori guztia krisiak desberdintasunak areagotu ez ditzan eta emakumeek eskubideak baliatzeko orduan atzerakadarik eragin ez dezan”, esan du Irune Muguruza Familia eta Haurren zuzendariak.