Gotzone Sagardui: «Ikusiko dugu joan den astean ikusten hasi zen joera-aldaketa baieztatzen den»

0
Fuente: Irekia.

Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu Gotzone Sagardui elkarrizketatu dute, gaur goizean, Radio Vitoria irratiko “Gaur Actualidad” saioan. Bertan, joan den astean ikusten hasi zen joera-aldaketaren aurrean, esan du ikusi beharko dela joera hori berresten den eta ospitaleratze kopuruak ere behera egiten duen. «Hala ere, egoera zaila da», gaineratu du. Sagarduiren hitzetan, ZIUen okupazioa altua da, baina Osakidetzak erreakzionatzeko gaitasuna du.

Txertoei dagokienez, Osasun sailburuak esan du gaur Astrazenecako txertoaren 9.070 dosi jasotzea espero dutela. Gotzone Sagarduik argitu duenez, Osasun Batzordeak erabakiko du txerto hau zein talderi eman behar zaion lehendabizi. «Batzordearen irizpenaren arabera, guk agertoki ezberdinak ditugu prest», zehaztu du. 80 urtetik gorakoen txertaketari buruz galdetuta, egutegia txertoen eskuragarritasunaren araberakoa izango dela erantzun du.

Bigarren dosia bermatzeko estrategiari dagokionez, Sagardui sailburuak azpimarratu du Euskadi ez dela txerto gehiago jarrita dituenaren sailkapenean sartzen, helburua immunizazio-prozesua bermatzea dela baizik. «Guk gure estrategiarekin jarraituko dugu, fitxa teknikoetako jarraibideak jarraituko ditugu eta bigarren dosia ematea horretara egokituko dugu», azpimarratu du.

Bestalde, eta birusaren aldaerei dagokienez, Sagarduik azaldu du Euskadin britainiar aldaera baino ez dagoela, ez dagoela baieztatutako beste aldaerarik, eta kasuen kopurua ez dela 200era iristen. «Kopurua handitzen joango da, beste lurraldeetan egin duen bezala», gaineratu du. Baina, dirudienez, merkatuan dauden txertoek aldaera horri aurre egiteko balio dute. Gainera, azpimarratu du gaur egun lagin positibo guztien % 25 aztertzen direla, birusaren aldaera badago ere.

Ikastetxeei buruz galdetuta, sailburuak gogorarazi du Osasun Saileko eta Hezkuntza Saileko ordezkariek osatutako lantalde bat dagoela, eskola-eremuan hartu beharreko neurriak ezartzen dituena, eta neurri horiek berriro eguneratu direla joan den astean. Sagarduik azpimarratu duenez, gaur egun ikasgelen % 2 baino gutxiago daude itxita Euskadin. Judimendiren kasuan, protokoloa jarraitu direla eta baheketa bat egin zutela azpimarratu du, «ordenan eta ezarritako denboran».

Osasun sailburuak prebentzio neurriak betetzen jarraitzearen garrantzia azpimarratu du: maskara erabiltzea, distantzia soziala, eskuen higienea eta aireztapena.