Javier Hurtado sailburuak eta Alberto Garzon ministroak Euskadi eta Espainia bultzatzen dituzten kontsumoko araudi berriak jorratu dituzte

0

Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuak, Javier Hurtadok, bilera bat izan du gaur Alberto Garzon Kontsumoko ministroarekin Madrilen. Bilera horretan, kontsumitzaileen defentsarekin, gaiari buruzko legeriarekin eta bi administrazioek interes komunak dituzten ikuskapen-kanpainekin lotutako gaiak landu dira.

Bileran, urtarrilaren 19ko 1/2021 Errege Lege Dekretuak, kontsumitzaile eta erabiltzaileak kalteberatasun sozial eta ekonomikoko egoeren aurrean babestekoak, kontsumitzailea babesteko estatuko legedian dituen ondorioak partekatu ditu Ministerioak. Dekretu honek pandemiak gizarteko sektore zabaletan eragin duen kalteberatasun-egoera aitortzen du, eta Espainiako araudian kaltebera den kontsumitzailearen figura jasotzen du.

Kontsumitzaile kalteberaren figura ere ezarrita dago Euskadiko kontsumitzaileen defentsarako aurreproiektuan. Sailburuak eta ministroak aurreproiektu hau aztertu dute. Hain zuzen ere, kontsumitzaile edo erabiltzaile kalteberen eta gutxiagotasun-, mendekotasun-, babesgabetasun- edo diskriminazio-egoeran dauden kolektiboen edo pertsonen babesari eragiten dio.

Bi administrazioen arteko koordinazioa

Era berean, Garzon ministroak eta Hurtado sailburuak kontsumitzaileen eta erabiltzaileen defentsaren arloan egindako azken lege-erreformak aztertu dituzte, bi administrazioen arteko etengabeko lankidetza eta koordinazioa ezartzeko.

Maskarak

Bileran, maskara higienikoen informazio- eta merkaturatze-baldintzak ezartzen dituen Ministerio Aginduaren proiektuari heldu zaio, eta Kontsumobidek maskaren etiketei buruz egindako ikuskapen-kanpainaren emaitzak partekatu dira. Ildo horretan, beste ikuskapen-kanpaina bat egingo da, zehapen-izaerarekin.