Mugikortasuna, ingurumena, hirigintza eta mantentze lanetarako Hondarribiko Udalak 6.717.000 euro bideratuko ditu

0

2021. urterako Hondarribiko Udaleko aurrekontuen aurkezpenen hirugarren urratsa eman du gaur Udal Gobernu Taldeak. Areto Nagusian egindako prentsaurrekoan Txomin Sagarzazu Alkatea, eta Juan Luis Silanes zein Gonzalo Carrion zinegotziak izan dira. Hirigintza, mantentze lanak eta kontserbazioa, ingurumena eta mugikortasuna izan dira gaurko protagonista nagusiak. 6.717.000 euro bideratuko ditu Udalak helburu horietarako.

Txomin Sagarzazu Alkateak nabarmendu duenez, “pandemiaren eragina gaur azaltzen ditugun gaietan azaldu egin zaigu ere. Mugikortasun arloan, hainbat proiektu egiterakoan eragina izan dute, pandemiari aurre egiteko pertsonak eta baliabideak erabili baititugu, eta ondorioz beste zenbat zeregin aldatu egin zaizkigu. HAPOaren gaia ere hor daukagu. Kontrako sententzia izateak eragin digu bi erabaki hartzea: kasazio errekurtsoak jartzea alde batetik eta tramitazio berria abian jartzea bestetik. Hirigintza alorrean eta adminstratibo-juridikoan eragina izan du noski, eta gure planetan integratu egin dugu”.

Juan Luis Silanes zinegotzia nagusiki mugikortasunaz, azokaz eta naturaz jardun da. “Mugikortasunari dagokionez, eskola inguruneak lantzen jarraituko dugula argi utzi nahi dut: Bitoriano Juaristi kaleko proiektua amaitu, Talaia inguruko auzoa berrantolatuko duen proiektua landuko dugu baita Portu auzorako abiadura murrizteko beste egitasmo bat ere. Mugikortasuna gai klabea da Udalarentzat”.

“Abian jarriko dugun asfaltatze kanpainak mugikortasunerako giltzarri diren hiru kale barne hartuko ditu: Baserritar etorbidea, Bidasoa ibilbidea, eta Kosta kalea. Badaude eragina edukiko duten beste batzuk ere, Sabin Arana, besteak beste. Sentsibilizazio kanpainak egingo ditugu Hondarribian bizikletaz mugitzeko, ‘Muxu eta agur’ ekimena indartzeko. Azkenik, aipatuko nuke ere ikastetxeetarako bide seguruak berreskuratzen saiatuko garela”.

Natur guneei dagokienez, Jaizkibel mendirako, urtero bezala, Aranzadi Zientzia elkartearekin elkarlanean proiektuak garatuko ditugu. Bertako basoaren berreskuratzea, Cladium Mariscus Hezegunearen kontrola burutuko dugu Jaizkibelen, baita apo lasterkariaren kontserbazioa egin ere Jaitzubian. Iaz hasitako proiektua da eta aurten amaituko dugu. Aurten, Arriestuetako iturriaren leheneratzea hasiko dugu, Jaizkibelen”.

“Hondarribiko Azokako irudi berria aurkeztu nahi dugu. Honekin lotuta, baserritarren onura bilatzen duen otarrearen proiektua abian jarriko dugu. Apustu serioa egin dugu azokaren alde eta hortan jarraituko dugu Udal Gobernu Taldetik. Ingurumenari toki berezia emango diogu udal web orrian” amaitu du Silanesek.

Hiritarren bizi kalitatea hobetu

Gonzalo Carrion zinegotziak hirigintza eta kale zein udal altzarien mantenimenduaz aritu da. “Udaletik esfortzu berezia egiten dugu hiri atsegin bat izateko, hondarribiarraren bizi kalitatea bermatu eta hobetzeko. Horretarako,besteak beste, hirigintza eta etxebizitzaren administrazio orokorrerako 1.163.000 euroko aurrekontua dugu Udalean, kaleak eta bide publikoak garbitzeko Udaletik 1.077.000 euro bideratzen dira. Uste osoan gaude emaitza onak ematen dituela, eta hiri garbia izatea hiritarrak asko eskertzen duela”.

“Ondare historikoaren kudeaketarako 686.000 euro dauzkagu, Alde Zaharreko eta Harresietako planak garatzen jarraituko dugularik. Honekin lotuta, aurten San Nikolas zubia berritzeko 370.000 euro erabiliko dira, proiektua eginda dago, eta esleipena zein obrak egin nahi genituzke”.

“Aipamen berezia egin nahi nuke hiri argiterian erabiltzen ditugun 696.000 euroak. Hiri osoan LED argiak jartzen joatea da helburua. Inbertsio handia eskatzen du haseran baina gero fakturak asko jaisten dira eta epe luzera ezinbesteko gastua da. Parke eta lorategien mantentze lanetarako 740.000 euro dauzkagu, bide publikoen mantentze lanetarako 622.000 euro, zerbitzuen eta hilerriaren mantentze lanetarako 588.000, hondartzaren mantentze lanetarako 322.000 euro, besteak beste”.

“Gobernu Taldetik argi daukagu gure helburua Hondarribian bizi direnen bizi kalitatearen alde egitea dela. Baliabide guztiak jarriko ditugu hori horrela izan dadin” amaitu du Carrionek.