Eusko Jaurlaritzak Zaldibarko zabortegiko egungo egoera eta egiten ari diren larrialdi jarduerak azaldu ditu

0

Zaldibar erori zela urtebete bete den egun berean, Josu Erkoreka lehendakariorde eta Segurtasun sailburuak eta Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburuak bilaketa prozesuaren egungo egoera eta egiten ari diren larrialdi jarduerak azaldu dituzte. Eusko Jaurlaritzak baieztatu duenez, zabortegia behin betiko itxiko da bilaketa lanekin amaitu ondoren.
Eusko Jaurlaritzak egindako jarduerak arin eta eraginkortasunez gauzatu dira, intzidentearen berri izan zen unetik bertatik. Hasierako premiazko neurriek eboluzionatu egin dute, sortu diren beharren arabera, helburu hauekin:
– Desagertutako pertsonak erreskatatzea, bilaketa-erritmoa arinduz
– Ingurumenean kalte berriak sortzea prebenitzea.
– Zabortegia egonkortzea

BILAKETA-OPERATIBOA

Joan den urriaren 9tik gaur arte Eusko Jaurlaritzak lehentasunezkotzat jotako bi bilaketa-eremu hustu eta aztertu ditu: B1A eta B4S. Joaquín Beltrán bi eremu horietara joan ahal izan zen azkeneko aldiz ikusi zuten lekutik. Guztira 114.000 m3 hondakin bahetu dira, eta, aztertu ondoren, segurtasun-gelaxketara eraman dituzte bertan zigilatzeko.
Larrialdietako 112-SOS Deiak zerbitzuko eta Ertzaintzako pertsonala arduratu da hustutako materialaren metro kubiko bakoitza ateratzeaz eta zehatz-mehatz aztertzeaz. Oso lan konplexua da, zailtasun handiak dituen lana da, batez ere bat-bateko egoerak sortzen direlako. Esate baterako, joan den abenduan zabortegiko jatorrizko aldagelaren arrastoak aurkitu zituzten. Bertan hainbat jantzi eta objektu agertu ziren, eta lanak aldi batean bertan behera utzi behar izan zituzten Ertzaintzako Zaintza eta Erreskate Unitateko txakur-unitateak eta Polizia Zientifikoaren Unitateak azter zitzaten Joaquín Beltránen presentzia baztertu arte.

KAMIOIAK GARBITZEKO PUTZUA

Hemendik aurrera bilaketaren helburu nagusia B1B lurzatia izango da, zabortegiko kamioiak garbitzeko putzua zegoen lekua. Adituen analisien arabera, Joaquín Beltrán eremu horretan egon liteke Alberto Sololuce zegoen lekura mugitu izan balitz.
Eremu horretako baheketa-lanei ekin ahal izateko, aurretik B1C lurzatia egiaztatu eta egonkortu behar da, eta lan horiek, baldintza meteorologikoek ahalbidetzen badute, martxoaren hasieran hasiko dira. Bi bilaketa-eremu horietako lanak martxoan hasi eta apirilera arte luzatuko dira.
Lekuan bertan hedatuta jarraituko dute larrialdietako 112 zerbitzuko eta Ertzaintzako Brigada Mugikorreko teknikariek. Bi taldeek Polizia Zientifikoaren Unitatearen, Ingurumen Taldearen eta Zaintza eta Erreskate Unitateko txakur-unitatearen laguntza dute beti.
Azken hilabete hauetako lanak egiten ziren bitartean, lekua ezagutzen duten eta aztertzen aritu diren adituek gomendatu dute beste bilaketa-eremu bati ere heltzeko: mapan adierazitako B4S eremuaren goiko aldea da. Orain hasiko den bilaketak emaitzarik izaten ez badu, Jaurlaritzak fase berri horri ekingo dio apirilean.

URTEBETEKO LANA

Zifrek Zaldibarko zabortegian etengabe egiten ari den larrialdiko esku-hartzearen garrantzia erakusten dute: 525.000 m3 hondakin hondeatu dira zabortegia egonkortzeko, eta horietatik 372.038 m3 arrastrilatu eta bahetu dira bilaketarako.

Nahiz eta martxoan COVID-19k alarma-egoera deklaratu zuen, intzidentea gertatu eta hilabete eskasera, Administrazioak kokalekuan egiten ari zen jarduerekin jarraitu du 2020ko otsailaren 6tik. Sailburuak azpimarratu duenez, «365 egunetatik 360 lan egin dira, baita baldintza meteorologiko oso txarretan ere».

Esku-hartzea erronka bat izan da ikuspuntu teknikotik, eta administrazioak ez ditu giza baliabideak, baliabide teknikoak eta baliabide materialak aurreztu. Zifrek bakarrik hitz egiten dute. 140.000 m2 geosintetiko xafla baino gehiago instalatu dira, 2.500 metro errail egin dira, 24.500 ordu erabili dira atzerakako hondeamakinean, 15.000 ordu erreil-kanpoko ibilgailuetan, 4.900 ordu trinkotzeko makinerian, 75.000 eskulanean eta 19.500 ordu ingeniaritzan.

Urteko sasoi honetako baldintza meteorologikoak materialak mugitzeko egokienak ez badira ere, lan-erritmoa konstante mantentzen da, eta batez beste 5.000 m3 hondakin mobilizatzen dira egunean; horietatik 1.200 m3 bilaketa-operatiboari dagozkio.

Une honetan, 4. lur-erauzketan egiten ari diren lanak dira ahaleginen ardatza, 4 fasetan banatuta. Eremu hori beharrezkoa da B1B eta B1C lehentasunezko bilaketa-eremuetara sartu ahal izateko. Behealdean dagoen bilaketa-eremura sartu ahal izateko, goiko aldetik 140.000 m3 inguru kendu behar dira; horri esker, martxoaren hasierarako, eremu beroan bilaketari ekingo zaio, erabateko segurtasun-baldintzetan, hasieran. Lehen fasea amaitu da (40.000 m3) eta lur-erauzketaren bigarren fasea hasi da.

PREMIAZKO NEURRIEN EGUNGO EGOERA

– Irristatutako masa egonkortzea: hondakinen masa gerakina egonkorra dela ziurtatzeko, harri-lubetazko dike bat eta harrobiko materiala egin zen, 47.173 tonako pisuarekin. Horri esker, autobidearekiko arriskuak independizatu ahal izan dira, eta autobidea berriro ireki ahal izan da. Egonkortze-lanetan, topografikoki eta etengabe erregistratzen da zabortegiaren gainazala, eta behar bezala finkatuta dagoela egiaztatzen da.
– Zabortegiaren behin-behineko zigilatzea: zabortegia behin-behinean zigilatzeko lanak hasi dira (buztinekin), zehazki goiko eremuetan (9. eta 6. eremuak), sortutako lixibiatu kopurua minimizatzeko. Zabortegiaren inguruan kontrol-piezometroen sare bat egin da, lurpeko uren ingurumena zaintzeko.
– Zabortegiko gasaren eta sortutako suaren errekuntza kontrolatzea eta etetea. Sutea 2020/02/18an erabat itzali zen.
– Airearen kalitatea kontrolatzea. Emaitza onei esker, abenduan amaitu da gertakariarekin lotutako zaintza-kanpaina. Inoiz ez bezalako hedapena egin da, eta 172 konposatu organiko lurrunkor, PM10 partikula, 16 hidrokarburo aromatiko polizikliko, 16 metal, dioxina (7 kongenere) eta furano (10 kongenere) eta bifenilo polikloratu monitorizatu dira, baita amiantoa detektatzeko zuntzak ere (18 kongenere). Egindako kontrolaren emaitzek egiaztatzen dute amiantoa
– Euri-uren sarrera prebenitzea, lixibiatuak biltzea, garraiatzea eta kudeatzea. Bilaketan induskatutako materialerako eta gainerako egonkortze-lanetarako gaitzen ari diren biltegiratzeetan, oinarria iragazgaizteko lanak instalatzen ari dira, lixibiatuak lurrera iragaztea saihesten duten polietilenozko xaflak soldatuz.
– Sortutako hondakinentzako segurtasun-biltegiak gauzatzea: hondakinen 2 biltegi, 120.000 m3ko edukiera duen DS1 eta 325.000 m3ko edukiera duen DS1 handitzea garatu dira.

KANPOKO AUDITORETZAK ETA KAUSALITATE-TXOSTENAK

Hondakin ez-arriskutsuen zabortegi bat ustiatzeko VERTER RECYCLING 2002 SLri emandako ingurumen-baimen integratuari buruzko kanpo-auditoria bat eskatu zitzaion Ricardo Energy & Environmenti. Dokumentu horretan honako hau ondorioztatzen da:
• «Baimenean ezarritako baldintzei dagokienez, lege-eskakizunak betetzen direla eta Zabortegien eta Industria Isurketen Europako Zuzentarauetan ezarritakoari erantzuten diotela».
• «Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Saileko Ikuskapen Zerbitzuak egindako ikuskapen eta kontrolari dagokionez, Europako araudi horietako aurreikuspenak ere betetzen ditu.»
Era berean, Eusko Jaurlaritzak txosten bat egiteko kontratua egin zien geotekniako bi aditu-talderi, Bartzelonako Unibertsitateko eta Kantabriako Unibertsitateko katedradunek eta doktore adituek osatutako talde misto bati. «Zaldibar (Bizkaia) – Hausturaren arrazoiei buruzko txostena» dokumentua fiskaltzaren esku jarri da dagoeneko, joan den astean hasitako prozesu judizialaren testuinguruan informazioa eman ahal izateko.

INGURUMEN-ERANTZUKIZUNA

Bestalde, Eusko Jaurlaritzak ingurumen-erantzukizuna eskatzeko espedienteari ekin zion, eta Verter Recycling enpresari eskatu zitzaion zabortegia erori ondoren sortutako ingurumen-kaltearen garrantziaren txostena aurkezteko.

Ingurumen-organoak lurpeko uren, lurrazaleko uren eta lurzoruaren gaineko ingurumen-kalteen izaera esanguratsua zehaztu du. Beraz, Eusko Jaurlaritzak ebatzi du Verter Recycling enpresa dela Zaldibarko zabortegiko erorikoaren ondorioz lurzoruetan eta lurrazaleko eta lurpeko uretan sortutako kalte esanguratsuen erantzulea, eta ingurumen-kalteak konpontzeko proiektu bat aurkezteko eskatu dio.

ZALDIBARKO ZABORTEGIA HELMUGA ZUTEN HONDAKINEN KUDEAKETA

Zaldibarko gertakariaren eta Mutiloako zabortegiaren itxieraren ondoren, hilaren 29an, 850.000 tona industria-hondakin isurtzeko ahalmena murriztu zen Euskadin. Egoera hori arintzeko, Eusko Jaurlaritzak hondakinak balorizatzeko enpresei eskatu zien baimendutako gehieneko gaitasunera iristeko eta, lehentasunez, EAEko jatorrizko hondakin-korronteak onartzeko (Euskadin isurketa mugatzeko agindua). Era berean, martxan zeuden zabortegien titularrei eskatu zien balorizatu ezin ziren ahalik eta industria-hondakin gehien onartzeko, eta balorizazio-soluzioak zituzten hondakinen isurketa mugatu zitzaien.

Eskura ditugun datuekin, 2019an industria-hondakin ez-arriskutsuak biltzen zituzten euskal zabortegiek 2,4 milioi tona hondakin kudeatu zituzten, eta 2020an 1,6 milioi. Murrizketa hori, funtsean, COVIDek industria-ekoizpenean dituen eragin negatiboen eta hondakinen balorizazio-ehunekoen hazkundearen ondorio da.

Informazioa biltzeko sistemaren arabera, Euskadik 46.000 tona eta 34.000 tona besterik ez ditu bideratu Kantabriako eta Errioxako zabortegietara, hurrenez hurren. Isurketa mugatzeko agindua dela eta, euskal enpresek benetako ahalegina egin dute hondakinak balorizatzeko.

Ekintza horiek HPKP 2030ekin lerrokatuta daude. Duela gutxi, Eusko Jaurlaritzak jendaurrean aurkeztu du Hondakinak Prebenitzeko eta Kudeatzeko Plana, 2030erako zabortegira doazen hondakinen kopurua % 85 murrizteko helburua duena.