Donostiako Udalak Amara auzoko Ikasketa plaza berrurbanizatzeko exekuzio proiektua onartu du. Horren helburua espazio handi hori birsortzea da, okupazioa eta eguneroko erabilera areagotzeko.
Eneko Goia alkateak nabarmendu duenez, “proiektu honek ingurua biziberritzeko eskaera historiko bati erantzuten dio, eta herritarren parte-hartze prozesu baten emaitza da, non bizilagunek aktiboki parte hartu dute”.
Proiektuak 704.339 euroko aurrekontua du, eta honi esker, gune bat sortuko da, espazioaren beraren eta ingurunearen ikuste bakarra eskainiko duena. Horretarako, ibilgailuen presentzia gutxituko da, eta garrantzi handiagoa emango zaie oinezkoei.
Ikasketa Plaza barne-plaza handia da, eta, diseinuari eta urbanizazio elementuen egoerari begiratuz gero, oso itxura eskasa du gaur egun, erakargarri askorik gabe, eta ez du mugimendu handirik, denda edo egonleku gisa ere.
Plaza hainbat mailatan banatuta dago; beraz, harmailadi bat egingo da erdiko uhartearen inguruan, oztopo fisikoak nahiz ikusizkoak kentzeko, eta goiko plataformara iristeko moduko ibilbidea egingo da, bi arrapalen bidez. Goialdean, haurrentzako jolastokia egongo da, eta elementu eskultoriko bat izango du, haurren jolasgune nagusi gisa.
Garajerako sarbideak ere aldatuko dira, gaur egun beirazko eta altzairuzko markesina arinen bidez eragiten duten begi-inpaktua gutxitzeko. Plazaren sarreran dauden aireztapen tximiniak ezkutatzeko bereziki diseinatutako lorategiak eta altzariak jarriko dira plazan. Horrez gain, plazaren argiztapen egokia bermatuko duten luminaria berriak jarriko dira.
Era berean, Gobernu Batzordeak Udalaren eta plazako lokalen jabeen elkartearen arteko hitzarmena onartu du, plaza berrurbanizatu, egitura sendotu eta inpermeabilizatzeko obrak egiteko. Hitzarmen honen bidez, Udalak 143.782 euroko diru-laguntza emango du hobekuntza horiek egiteko, herritar guztiei plaza irekitzeak dakarren interes publikoa dela eta.