eLankidetzak esku-hartze humanitarioetan xede-biztanleei egindako kontsulta maila eztabaidatzen du

0

Parte-hartzea eLankidetzak-Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak onartzen dituen esku-hartze humanitario guztietan egon behar den arren, erakundeek oztopo ugari dituzte artatutako pertsonen gogobetetzeari buruzko kontsulta-maila hobetzeko eta egon daitezkeen kexak kudeatzeko.

Eusko Jaurlaritzako 2018-2023 Ekintza Humanitarioko Estrategiako lehentasun bat da sendotzea euskal zein beste lurraldeetako erakundeak. Hori dela eta, eta eLankidetzak berriki argitaratutako ikerketa bati jarraiki, Agentziak ekintza humanitarioan xede-biztanleriaren partaidetza eta kontu-emateari buruzko mintzaldi birtuala antolatu du. Helburua da tresnak edukitzea pobretutako herrialdeetan lan egiten duten erakunde humanitarioen intzidentzia hobetzeko.

Partaidetza hobetzeko aholkuak

Eredu kontzeptual eta praktiko bat izateko, eLankidetzak txosten bat egiteko eskatu zion Fernando Almansari, aholkulari humanitario independenteari. Aholkulariak aztertu zituen 2018 eta 2020 bitartean eLankidetzak Ekialde Hurbilean, Afrikan eta Latinoamerikan lagundutako ekintza humanitarioko esku-hartzeak. Proiektu eta estrategia humanitario horietako xede-biztanleriaren %84 lekualdatuak edo errefuxiatuak dira; proiektuetako %36 kanpalekuetan ezarri dira, eta %40 Ekialde Hurbilean egindakoak dira.

Ikerketak jasotzen ditu Palestinan, Kolonbian eta Kongoko Errepublika Demokratikoko erakundeekin egindako elkarrizketen eta galdetegien emaitzen analisia. Gainera, zenbait aholku ematen die erakunde humanitarioei, nazioarteko entitateei eta agentzia finantzatzaileei.

Ondorioen artean, Fernando Almansak nabarmentzen du “xede-biztanleriaren partaidetza eta kontu-ematea eraldatzailea izan behar da, eskubideetan, duintasunean eta herritarren ahalduntzean oinarritua; inklusiboa, kontuan hartzen duena biztanle-talde bakoitzeko ingurumen zehatza, eta lokalizatua, tokitik garatua eta protagonismo eta lidergo globalarekin”.

Era berean, Almansak azpimarratzen du erakunde humanitarioek konpromisoa hartu beharko luketela, “lehentasunak, estrategiak eta lan egiteko moduak ezartzerakoan, herritarren parte-hartzeak dakartzan ondorioak beren gain hartzeko”.