Euskadiko gorroto-delituei buruzko urteko txostena egiteko UPV/EHUrekin ezarritako hitzarmena luzatuko da

0

Gobernu Kontseiluak oniritzia eman du UPV/EHUko Giza Eskubideen eta Botere Publikoen Katedrarekin lankidetzan jarduteko hitzarmena, Euskadiko gorroto-delituei buruzko urteko txostena eta Europarekin alderatzeko analisia egitekoa, luzatzeko.

Lankidetza-hitzarmen hori 2018ko abenduaren 27an izenpetu zuten, eta hitzarmenaren xedea da elkarlanerako prozedura bat egituratzea Ertzaintzaren eta UPV/EHUren artean Euskadiko gorroto-delituak aztertzeko eta horiei buruzko txosten propio eta espezifiko bat egiteko. Gorroto-delitutzat hartzen dira, besteak beste, delitu arrazistak, xenofoboak, sexu-orientazioagatik eta -identitateagatik, ideologiagatik eta orientazio politikoagatik, sinesmenengatik edo erlijioagatik, dibertsitate funtzionalagatik edo aporofobiagatik egiten direnak. Horrez gainera, txostenean gaiari buruzko Europarekiko analisi konparatiboa ere egiten da.

Bi aldeek adierazi dutenez, lankidetza eta esperientziak partekatzea positiboa izan da orain arte, eta horregatik erabaki dute lankidetza beste urtebetez, 2022ko martxoaren 1era arte, luzatzea.

Eusko Jaurlaritzak urtero bidaltzen du txosten hori Eusko Legebiltzarrera, legebiltzar-taldeek azter dezaten.