Euskadin emantzipazioaren kostua egonkor mantendu zen 2019an

0

Euskadin, emantzipazioaren kostua, 2019an, aurreko urteetako antzeko parametroetan mantendu zen, ‘Bizitegi-emantzipazioaren kostua Euskadin’ azken azterlanak erakusten duenez; azterlana oraintsu argitaratu du Gazteen Euskal Behatokiak. Hala, aztertutako adierazleek finantza-krisialdiaren ondoko urteetako antzeko mailak erakusten dituzte.

Txostenak, modu berean, agerian uzten du gazteen artean 30 eta 34 urte bitartekoek dutela emantzipatzeko erraztasun gehien, diru-sarrera handiagoak dituztelako. Halaber, genero-desberdintasunak daude; izan ere, gizonek, batez beste, diru-sarrera handiagoak dituzte.

Agerian geratzen da, oraingoan ere, emantzipazio horretara jotzeko formula etxebizitza babestuarena dela, eta eskuragarriagoa dela alokatzea erostea baino. 2019an, etxebizitza babestua bakarrik erosteak Euskadiko gazteriari ekarri dio hileko soldata garbiaren % 30,7 hipoteka ordaintzera bideratzea. Etxebizitza babestu bat alokatzeak, bestalde, kostu txikiagoa ekarri die, soldata garbiaren % 25,3 hileko alokairu-errenta ordaintzera bideratzea. Bi aukera horien bidez, gazteria bakarrik emantzipa daiteke, gainzorpetzeko arriskurik gabe.

Bestalde, 18 eta 34 urte bitarteko soldatapeko pertsona batek hileko soldata garbiaren % 55,1 bideratu zuen, 2019an, hipotekaren lehen hilerokoa ordaintzera, merkatu librean etxebizitza bat bakarrik erosteko. Bestalde, soldatapeko gazte batek hileko soldata garbiaren % 50,4 bideratu zuen alokairu-errenta ordaintzera.

Nabarmendu behar da 2015etik jabetzako etxebizitza librera jotzeko kostua soldataren % 56tik behera dagoela. Kostu hori 2007an erregistratu zenarekin erkatuz gero ikusiko dugu 40 puntu baino gehiago egin duela behera (2007an, % 98,9, eta 2019an, % 55,1). Aurreko urteen aldean izan duen beherakadaren motiboa, nagusiki, etxebizitza libreen salmenta-prezioen beherakada izan da, bai eta hipoteka-maileguei aplikatzen zaizkien interes-tasen jaitsiera ere.

2019an, erosteko gehienezko azalera onargarria Euskadin 47,9 m2-koa dela kalkulatzen da; alegia, etxebizitza libreak gehienez izan beharko lukeen metro koadro eraikien kopurua, hura erostean (merkatuko prezioan)  18 eta 34 urte bitarteko soldatapeko gazte batek hileko soldata garbiaren % 30 baino gehiago hipoteka-maileguaren lehen kuota ordaintzera bideratu behar ez izateko. Kopuru hori azken bost urteotako kopuruaren antzekoa da, baina 2007an erregistratutakoa baino askoz ere handiagoa, orduan 30 m2-ra ere ez zen iristen eta (27,1 m2).