Herritarrei kultura, kirola, euskara eta hezkuntza zerbitzu egokiak eskaintzeko Hondarribiko Udalak 4’9 milioi bideratuko ditu

0

021. urterako Hondarribiko Udaleko aurrekontuen aurkezpenen laugarren agerraldia egin du gaur Gobernu Taldeak. Orain arteko erizpide bera jarraituta, Areto Nagusian egindako prentsaurrekoan Txomin Sagarzazu Alkatea eta Juan Luis Silanes izan dira. Herritarrei zuzenduta, kultura, hezkuntza, euskara eta kirol jarduera sustatzeko Udalak 4.931.000 euro erabiliko ditu 2021. urte honetan.

Txomin Sagarzazu Alkateak hartu du hitza. “Gaurkoan herritarrei zerbitzua emateko hartzen ditugun atalak azalduko ditugu gaurkoan. 4’9 milioi euro dira eta Gizarte Zerbitzuetatik eskaintzen direnekin batera, alor sozialerako Udalak ia 8 milioi euro bideratzen dituela esan behar dugu lehenik”.

“Kultura, bere zentzu orokorrean, ezinbestekoa da Udal Gobernu Taldearentzat. 2021erako, lehengo lepotik burua, gure konpromezuekin jarraitu nahi dugu. Partidak mantendu egin ditugu eta zenbait kasutan, igo. Kultura eta herritarrekiko zerbitzu egokia emateko konpromezuarekin jarraituko dugu, beti ere Hondarribia eremu segurua dela kontutan izanda” gehitu du Alkateak.

“Aipatu nahiko nuke ere hezkuntza arloarekin Gobernu Taldeak duen konpromezua. Pandemiak hala eraginda, apustu argia egin dugu, eta ikastetxeekin urteroko daukagun garbiketa eta desinfekzioetarako partida nabarmen handitu dugu, 150.000 euroko igoera egin dugularik. Diru sarrerak jaitsi egin diren honetan, Udalaren aurrekontua %9’88 igo dela gogoratu egin behar da”.

4.931.000 euroko aurrekontua

Juan Luis Silanes zinegotziak xehetu ditu partida desberdinak. “Luze eta zabal egon gaitezke partida guztietaz jarduten, baina nabarmentzekoak honakoak dira. Ikastetxe publikoen mantentze lanetarako, garbiketak barne, Udaletik 976.000 euro bideratzen dira. Harreman ona daukagu hezkuntza zentroekin, eta guretzat oso aktibo garrantzitsuak dira”.

“Udal Liburutegirako 522.000 euro bideratzen dira aurtengo aurrekontuan. Pandemia egoeran egon arren, jarduerak mantentzen dira eta arrakastatsuak direla esango nuke, adibidez idazketa eta literatur tailerrak. Udal Artxiborako aurrekontua aldiz 338.000 eurokoa da”.

“Ekipamendu eta kultur jarduetarako Udalak 1.086.000 euro erabiliko ditu. Gobernu Taldearen kalitatezko kultura eskaintzearen aldeko apustua argia da, eta nik uste emaitza oso onak ematen ari dela. Sektorea une txarrak bizitzen ari da eta zentzu horretan, Udalak ekitaldi presentzialak antolatzen jarraituko du, beti ere eremu seguruan” gehitu du Silanesek.

“Euskara eta Udal Euskaltegia sustatzeko 760.000 euro ditu Udalak, eta gazteriari zuzendutako ekintzetan beste 357.000. Kirola sustatzeko beste 608.000 euro dauzkagu. Osasun agintarien erabakien menpe gaude, debekuen baitan eta horietara egokitzen. Eskertu egin nahi dut kirol elkarteak mantentzen ari diren jarrera, ez baita erreza beraientzat ere bizitzen ari garena”.

“Amaitzeko, Jai Nagusietarako eta auzo jai desberdinetarako beste 404.000 euro dauzkagu. Otsailean zaila egiten da horietaz hitzegitea COVID-19 dela eta, baina Udal Gobernu Taldearen konpromezua argia da horregatik daukagu partida hori erabiltzeko prest” amaitu du Silanesek.