Egun gutxi barru beteko da bigarren dosiaren administrazioa egoitza gehienetan

0

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak agerraldia egin du Gobernu Kontseiluaren osteko ohiko prentsaurrekoan, Osasun sailburu Gotzone Sagarduirekin batera.

Osasun sailburuak jakinarazi duenez, Euskadin 50.277 pertsonak jaso dute lehen dosia eta 27.503 lagunek bigarrena. «Ikusten duzuenez, lanean jarraitzen dugu», gaineratu du.

Egoitzetako txertaketari dagokionez, Gotzone Sagarduik esan du aurreikusitako programazioaren arabera doala, eta egun gutxi barru beteko dela bigarren dosiaren administrazioa egoitza gehienetan.

Lehen mailako osasun-langileen txertaketari dagokionez, hau ere, normaltasunez egiten ari dela esan du, txertoen arabera, noski. «13.133 profesionalek txertoaren lehen dosia jaso dute eta 1.255ek bigarren dosia», zehaztu du. Hala, Osakidetzako lehen mailako langileen % 31,75ri eman zaie txertoa lehen dosian, eta horrek aukera emango du Osakidetzako beste langile-talde batzuekin jarraitzeko eta, aldi berean, osasun-zentro pribatuetan lehen mailako osasun-langileak txertatzen hasteko.

Gainera, Astra Zenecaren txertoen etorrerak (9.100 dosi aste honetan) antolakuntzan erronka handia ekarriko duela azpimarratu du, 55 urtetik beherakoentzat direlako eta hartzaileen kolektiboa ondo aukeratu behar delako. «Hori, ziurrenik, gaur erabakiko da, erkidegoak biltzen dituen Osasun Publikoko bileran», argitu du.

Era berean, Sagardui sailburuak koronabirusak Euskadin izan duen eraginari buruzko datu eguneratuak eman ditu jakitera, eta joera aldatzen hasi dela ikus daitekeen arren, zuhurtziari eutsi behar zaiola azpimarratu du. Gainera, osasun sistemaren gaineko presioak hobera egiten denbora gehiago beharko duela azpimarratu du.

Sagarduik, beste behin, erantzukizun indibiduala eta kolektiboa eskatu du. «Egindako ahalegin guztia alferrikakoa izan daiteke beharrezko babes neurriak mantentzen ez baditugu», gaineratu du.

Bestalde, bozeramailean jakinarazi du Segurtasun Sailaren eta Euskal Herriko Unibertsitateko Giza-Eskubideen eta Botere Publikoen Katedraren arteko lankidetza-hitzarmena luzatzeko baimena eman diola Gobernu Kontseiluak, Euskadiko gorroto-delituen bilakaerari buruzko urteko txosten propio eta espezifikoa egin eta Europako egoerarekin alderatzen jarraitzeko.

Gobernu Kontseiluak EH Bilduk energia-ongizaterako eskubidea bermatzeari buruz egindako lege proposamenaren aurkako irizpidea adierazi du.  Zupiria bozeramaileak azaldu duenez, aplikazio praktikorako beharrezkoa den errealismorik eta koherentziarik eza eta elektrizitate eta gas-sektoreen testuinguru konplexua ez kontuan hartu izana dira funtsezko arrazoiak. Gobernuak erabaki du, proposamena justifikatzen duen testuan aipatzen diren ontasunak gorabehera, ez dela planteamendu koherenterik egiten elektrizitate eta gassektoreen testuinguru konplexuarekin. Ildo horretan, esan du posible dela Euskadin gizarte ongizateko politika publiko eraginkor bat aplikatzea, egoera ahulenean dauden kolektiboei laguntzeko, EHBilduk aurkeztutako proposamenaren terminoetan adierazitako lege baten beharrik gabe.

Aldiz, Gobernu Kontseiluak argi berdea eman dio EAJk eta PSEk aurkeztutako Euskadin jarduera fisikoko eta kiroleko lanbideetan sartzea eta jardutea arautzeko lege proposamenari. Bozeramaileak aldeko irizpidea justifikatu du, argudiatuz aurreko legegintzaldian egindako lanketa guztia jasotzen duen proiektua dela, eta sektoreko eragile askok parte hartu eta lantaldean ekarpenak egin zituzten testu artikulatua ezin izan zela onartu, hauteskundeetarako deialdia egin. Gainera, adierazi du lege-proposamenak kirol-jarduerek pertsonen osasunean eta segurtasunean duten eragin eta onura nabarmenei erantzuten diela, betiere baldintza egokietan egiten badira, prestakuntza espezifikoa duten pertsonek zuzenduta edo gainbegiratuta.

Eta amaitzeko, Gobernu kontseiluak gaur onartu dituen beste agindu batzuk, diru laguntzekin zerikusia dutenak:

Garapen-ekonomikoa, Jasangarritasuna eta Ingurumen sailari lotuta, alde batetik, abere-arraza garbiak zaintzen eta mantentzen dituzten abeltzain-elkarteei zuzendurako diru-laguntzen 2021eko deialdia onartu da, 350.000 €rekin; eta, beste alde batetik, Euskal Autonomia Erkidegoko itsasertzeko eremuak sustatu eta garatzeko laguntzen deialdia onartu da 2021erako (ITSASPEN programa), laguntzak gehienez ere 500.000 euroz zuzkituta.

Gainera, Berdintasun, Justizia eta Gizarte politiketako Sailaren bidez, 3 eta 14 urte bitarteko seme-alabak zaintzen dituzten pertsonak kontratatzeko laguntzen deialdiari argi berdea eman zaio, pandemia-garai honetan kontziliazio-politiketan laguntzeko.

Eta Kultura eta Hizkuntza Politiketako sailetik euskara eta genero berdintasuna aztertzeko berdintasunaren bekak onartu dira, 7.500-na €ko lau beka, hain zuzen.

Gai-zerrenda

Prentsa-txostena