Donostia interes turistikoko edukien koprodukzioan hiri nagusietako bat izango da

0

Eduki turistiko kulturalak batera sortzeko talde sustatzaile bat sortu da Estatuan, eta talde horretako hirietako ordezkariak (Donostia, Bartzelona, Madril, Valentzia, Bilbo, Palma Mallorcakoa, Sevilla, Malaga eta Santiago de Compostela) Bartzelonan bildu dira Eduki Turistikoen Espainiako Batzordea eratzeko. Lehen topaketa horretan, hiri horiek zuzenduko duten interes turistikoko edukien koprodukziorako plan egonkorra prestatzen hasi dira.

Turismo Jasangarriko zinegotziak, Cristina Lagék, adierazi duenez, “une bakar batean ere ez dut zalantzan jarri ekimen interesgarri hau sustatzen duten hirien taldeko partaide izateko jasotako gonbidapena onartu behar genuela; izan ere, gure hiria edukien produkzioan eta eskaintza kulturalean oinarritutako hiri mailako turismogunearen adibide argia da”. Kultura da Donostiako Gida Planaren ardatz estrategikoetako bat gastronomiarekin, kirolarekin, city break-arekin eta kongresuekin batera.

Lehen bilera

Cristina Lagék, Turismo Jasangarriko zinegotziak, Donostiaren ordezkari gisa, Eduki Turistikoen Espainiako Batzordea bultzatzeko asmoz Bartzelonako Udalak antolatutako lehen bileran hartu du parte. Batzordea eduki kultural turistikoak batera sortzeko Estatu osoko udalerriak jasoko dituen elkartea da. Beste hiri batzuetako turismo arloko ordezkariek ere hartu dute parte: Bartzelona, Santiago de Compostela, Palma Mallorcakoa, Sevilla, Madril, Donostia, Bilbo, Malaga eta Bartzelona.

Lehen topaketa honetan, elkartearen oinarriak finkatu dituzte sormen kulturalarekin eta industria sortzaileekin lotutako turismo-edukiak eraikitzeko interesa duten Estatuko hiri nagusiek plan egonkorra osa dezaten. Turismo arloko Estatu idazkariak proposatutako ekimena da eta Estatu baitako herritarren zein nazioarteko turisten mugikortasun turistikoa bultzatuko duten erakargarritasun berriak sortzea ere badu helburuen artean.

Helburua

Epe ertainera eta luzera begira, zirkuitu kulturaletako egungo defizita eta kultur arloko lehiakortasunean pilatutako galera gainditzea du helburu. Lehen lan-ildoak Espainiako kultur arloko potentziala modu planifikatuan aztertzea eta antolatzea izan dira, Estatu baitako turismoguneak dibertsifikatuko dituen programazioarekin eta, beste hainbat potentzialen artean, esparru hauek landuta: musika, arte eszenikoak, ikusizko arteak, gastronomia, diseinua, moda edo ikus-entzunezko lokalizazioak.

Lehen topaketa honetan, zortzi udalerriek elkarrekin batera lan egitea adostu dute helburu hauetarako: kalitate turistikoko aurreikuspenak areagotzeko eta dibertsifikatzeko, Estatuko herritarren artean ezagutzarako eta elkarrekintzarako guneak errazteko, hiri arloko turismoko eta oporrekin lotutako turismoko dinamikak berrorekatzeko, era guztietako edukiak (batez ere kultura arlokoak) koproduzitzeko eta zirkulazioan jartzeko gaitasuna birsortzeko eta nazioarteko sustapen-programak hobeto kudeatu ahal izateko lurraldeen artean lankidetza-aukerak areagotzeko.