Hegaluzearen harrapaketa kuotaren igoerarekin pozik agertu da Eusko Jaurlaritza

0
Sede del Gobierno Vasco, Lakua

Eusko Jaurlaritza pozik agertu da Europar Batasunak ICCATen Gomendioa aurreratzeko eta 2021erako hegaluzearen harrapaketa onargarrien totala 37.801 tonako kopuruan ezartzeko onartu berri duen neurriarekin. Egungo 33.600 tonako muga baino %12,5 handiagoa da kopurua, eta igoera horrek euskal arrantza sektorea indartzeko balioko du, bai eta baxurako flota indartzeko ere, hegaluzea baita flota horren diru sarrera nagusia. 2021ean estatu espainiarrerako kuota 17.704,08 tonakoa izango da.

ICCATek proposatutako igoera 2017tik elkarren segidan onartu den bigarrena da; urte horretan, erakundeak % 20ko igoera onartu zuen, 28.000 tonatik 33.600 tonara igarota. 2017an 28.000 tonakoa izan zen harrapaketa onargarrien totala, historiako baxuena, alegia.

Hegaluzearen azken arrantzaldiak oso goiz itxi dira, Estatuko flotari esleitutako kuota eskasa amaitzean. TACa igotzeko berriki hartu den erabakia garrantzitsua da euskal arrantza sektore osorako eta, bereziki, baxurako flotarako; izan ere, hegaluzea da baxurako flotaren diru iturri nagusia.

EBren erabakiak ICCATen proposamenean du jatorria, hain zuzen ere, ICCATek bere Batzorde Zientifikoaren gomendioetan oinarrituta eta AZTI zentro teknologikoak atunzuriari buruz egindako ikerketa lanak kontuan hartuta egin zuen proposamenean; izan ere, AZTIk ibilbide sendoa du itsas eremuan, eta ordezkaritza eta lidergoa ditu arrantza jarduera arautzen duten nazioarteko foro zientifiko nagusietan, hala nola ICCATen eta Indiako ozeanoan ICCATek duen homologoan (IOTC).

AZTIk, BRTA aliantza zientifiko-teknologikoko kideak, atunzuriari buruz egindako ikerketak Eusko Jaurlaritzak finantzatu ditu neurri handi batean, eta Atlantikoko tunidoetarako harrapaketen lehen kontrol araua ezartzeko balio izan zuten ikerketak dira horietako batzuk.

Era horretako azterlanei emandako laguntzari esker, xaxian eta beita biziz atunzuria arrantzatzen ari den baxurako euskal flotak Arrantza Arduratsuaren MSC ziurtagiria lortu du.

Eusko Jaurlaritzak ikerketa proiektuak garatzen laguntzearen alde egindako apustuari esker, Atlantikoko tunidoetarako harrapaketen lehen kontrol araua onartu ahal izan zen, eta, horren ondorioz, flotak onura ekonomikoak eduki ditu bueltan eta arrantza arduratsuaren MSC ziurtagiria lortu du bere arrantza jarduerarako, bai eta itsasoen eta itsasoko baliabideen iraunkortasunari nabarmen laguntzea ere.