Lehendakariordeak zuzendaritza-organoetan emakumeen talentua txertatzea sustatzeko Sailaren planak jakinarazi dizkio ASPEGIri

0

Lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburu Idoia Mendiak ASPEGI Gipuzkoako Emakume Profesional, Enpresari eta Zuzendarien Elkarteari aurreratu dizkio bere sailak legegintzaldi honetan abian jarriko dituen neurriak, ekintzailetza sustatzeko eta emakumeen talentua enpresen zuzendaritza-organoetan txertatzeko.

Enplegu eta Gazteriako sailburuorde Alfonso Gurpeguirekin batera, Mendia ASPEGI elkarteko presidente Nerea Ibáñezekin eta lehendakariorde Belén Forniésekin bildu da elkarteak Donostian duen egoitzan. Bilera hori Lehendakariordeak agente politiko, sozial eta ekonomikoekin izan dituen harremanen barruan kokatzen da.

Topaketan, Mendiak Lan eta Enplegu Sailak legealdi honetan abian jarriko dituen neurrien berri eman die ADEGIko ordezkariei. Zehazki, ohartarazi nahi izan du emakumeen ekintzailetzaren eta zuzendaritza-organoetan emakumeen talentua txertatzearen sustapenaz. Horretarako, dirulaguntzen agindu berri bat gaituko da, orain arte ez zegoen 100.000 euroko zuzkidura izango duena.

Era berean, jakinarazi die programa bat sortuko dela, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren bidez, eremu maskulinizatuetan emakumeak prestatzeko eta kontratatzeko. Programak hasiera batean milioi bat euroko aurrekontua izango du, eta horren helburua da emakumeek gaur egun ordezkaritza txikia duten lanpostuetarako sarbide handiagoa izatea, bereziki industria-sektorean.