Madrid CFF, Athleticek kontuan hartzeko aurkaria

0

Errekuperatzeko eta partida prestatzeko ia denborarik gabe, Primera Iberdrolaren hurrengo jardunaldia heldu da lehoientzat. Gaur, 17:00etatik aurrera, Matapiñoneran, Madrid CFF eta Athletic Cluben artekoa jokatuko da hogeigarren jardunaldian. Madrilgo taldea denboraldi bikaina egiten ari da eta bosgarren postuan dago 35 punturekin. Zalantzarik gabe, denboraldi honetan kontuan hartzeko taldea da.

Oscar Fernandezen neskek 16 puntu lortu dituzte jokoan egon diren azken 18 puntuetatik eta azken jardunaldian berdindu egin zuten Zubietan Realaren aurka. Talde trinkoa da, eta aurrelari azkar eta trebeak ditu: Geyse, Valeria eta udan Betisetik fitxatutako Priscila, besteak beste. Gainera, Matapiñonera belar artifizialeko estadioa da, eta bertan oso talde gogorra eta gainditzeko zaila da; izan ere, partida bat bakarrik galdu dute.

Bestalde, Iraia Iturregiren jokalariek garaipen garrantzitsua lortu zuten RCD Espanyolen aurka iragan igandean, eta sailkapenean gora egiteko asmoa dute. Egun, hamaikagarren postuan 18 punturekin dago hasi berri den bigarren itzulian. Lehoiek, gainera, ez dute jardunaldirik jokatuko ez asteburuan ezta hurrengo astean ere, eta sentsazio onenekin heldu nahi dute otsaileko etenaldira.