Baserritarrei eta bere produktuei balio gehiago emateko urrats berria Hondarribian

0

Udalak urrats berri bat eman du tokiko ekoizleen sektorearekin Azokaren bidez duen lankidetzan. Juan Luis Silanes Ingurumen zinegotziak eman du horren berri.

«Herritarrei tokiko produktuen saski bat erosteko aukera eman diegu, sasoiaren arabera, jakina. Beste urrats bat da, eta elkarrekin ematen dugu, baserritarrari balioa emateko ekoizten dituzten kalitate handiko tokiko produktuei», dio Juan Luis Silanesek.

«Prozedura erraza da. Interesa duenak www.hondarribia.eus  webgunean sartu, izena eman eta 15 euroko eskaria egin behar du, San Pedro kaleko larunbatetako Azokan gure baserritarren eta bere barazki eta bestelako produkturik onenak aukeratuta. Ondoren, Botika baserriak azoka berean daukan postuan jaso beharko ditu larunbatetan. Azoka ez balitz egingo, Donosti kaleko 25ean dagoen Garua artisau-okindegi eta kafetegian jasoko litzateke”.

«Negu gorrian, egungo saskiak porru sorta bat, zerba sorta bat, zatitutako barazki poltsa bat (azenarioa, porruak, etab.), ogi zuri bat, lore sorta bat eta eskarola, letxuga eta perrexila ditu. Saskiaren edukia aldatzen joango da urtea eta baserriko produktuen sasoia aurrera joan ahala» amaitu du Silanesek.