Begoña Pedrosa Hezkuntzako sailburuordeak Gasateizko San Martin ikastetxe publikoa bisitatu du

0

Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Eguna dela eta, Begoña Pedrosa Hezkuntzako sailburuordeak, Aintzane Arrese Arabako Lurralde Ordezkaria lagun zuela, Vitoria-Gasteizko San Martin Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako Ikastetxea bisitatu du gaur goizean. Bisitaren helburua izan da zuzen-zuzenean ezagutzea ikastetxe horrek nola ezartzen duen STEAM proiektua, ikuspuntu inklusibotik, eta oso adin txikitatik hasita, hain zuzen ere 4-5 urteko Haur Hezkuntzako ikasleekin. Vitoria-Gasteizko ikastetxe horrek garatzen duen STEAM hezkuntza-proiektuak saria jaso zuen joan den azaroan, Hezkuntza Sailaren STEAM Euskadi Sarien lehen edizioan; zehazki, unibertsitatez kanpoko ikastetxe batek genero-ikuspegitik sustatutako ekimen onenaren saria jaso zuen.

Nazioarteko egun honen helburuetako bat da neskak eta emakumeak zientziarekin edo teknologiarekin lotutako ikasketetatik eta sektoreetatik urrun mantentzen dituzten aurreiritziekin eta estereotipoekin haustea, aurreiritzi eta estereotipo horiek indarrean jarraitzen baitute oraindik. San Martin ikastetxe publikoaren kasuan, helburu hori egutegiko egun batez harantzago doa, oso presente baitago ikasturte osoan eta egunero gauzatzen baita bere ikasgeletan, modu guztiz natural eta inklusiboan.

Matematika manipulatiboak

STEAM proiektuari esker, ikastetxe honetako Haur Hezkuntzako ikasgeletan matematika manipulatiboak aplikatzen dira, hau da, ikasten ez diren matematikak,  baizik eta egiten direnak: haurrak zenbakietara, batuketetara eta kenketetara hurbiltzen dira intxaurrak manipulatuz, gaztainak baztertuz edo pilotak ontzi batetik bestera mugituz.

Egun batean, eta bat-batean, neska-mutilek kartoizko etxetxo bat eraiki behar dute gelan, taldean lan eginez. Neurriak hartu behar dituzte eta, ondoren, neurri horiek zenbait motatako materialetan aplikatu beharko dituzte, kartoizko etxea errealitate bihur dadin. Ikasleek barneratzen dute zenbakiak —matematika— baliozkoak direla eguneroko bizitzan eta erabilgarritasun praktikoa dutela.

Era berean, robot txikiak erabiliz, lehen urratsak ematen dituzte robotikan. Nolanahi ere, kontua ez da robotika bera lantzea, baizik eta neska-mutilek, jolasten diren eta robotekin dibertitzen diren bitartean, beste oinarrizko jakintza batzuk finkatzea (matematikakoak, geometriakoak edo adierazpen artistikoarekin lotutakoak).

Lan horren guztiaren  helburua da STEAM ikasgaiak (Science, Technology, Engineering, Arts & Mathematics – Zientzia, Teknologia, Ingeniaritza, Arteak eta Matematika) ikasleentzat erakargarriago egitea. San Martin ikastetxearen kasuan oso gaztetatik (4-5 urtetatik) eta aniztasunaren ikuspegitik lantzen da hori, bertako ikasle guztiek osatzen duten aniztasuna aintzat hartuta.

Aniztasuna eta aldaketa metodologikoa

Bisitaren ondoren, Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuordeak nabarmendu du, San Martin ikastetxe publikoa zein adin goiztiarrean hasten den STEAM konpetentziak lantzen eta, bereziki, irakasleek gai hori lantzeko hartzen duten ikuspegi inklusiboa, hezkuntza-mota hau ikasgela berean dauden eta hezkuntza-premia oso desberdinak dituzten ikasleengana hedatuz. Ikastetxe honetan –Haur Hezkuntzako ikasleez ari baikara- genero ikuspegia oso modu sotil eta naturalean lantzen dute, aniztasunaren ikuspegi inklusibo eta zabalago horren barruan.

Vitoria-Gasteizko San Martin HHLI ikastetxeak jada urrats batzuk eman zituen 2018-2019 ikasturtea baino lehen, baina urte hartan erabaki zuten aldaketa metodologikoa egin behar zela eta STEAM gaitasunak sistematikoki ezarri behar zirela ikasgelan. Gaur egun, matematika manipulatiboaren bidez egiten ari dira, ebatzi beharreko egoerak edo problemak planteatuz (kartoizko etxe bat eraikitzea, adibidez), edo robotekin jolastuz.

Haurra ikastetxean kokatzen duen hezkuntza-eredua da, eta materialak zein metodologiak haren ezaugarrietara egokitzen ditu. Ikasleak dira haien ikasteko prozesuaren jabe: neska-mutilek jakin behar dute zer ekintza egingo duten, nola egingo duten eta zertarako.

Proiektu hori inplementatzen zenbait urte eman ondoren, arduradunek argi hitz egiten dute ikasleengan hautemandako hobekuntzei buruz. Haien lana antolatzeko garaian ikasle autonomoagoak dira; pentsamendu kritiko garatuagoa dute, gauzak zalantzan jartzeko gaitasun handiagoa, eta erabakiak hartzeko gaitasun handiagoa. Eta garrantzizkoagoa dena, gai dira ikasgelan ikasitako gaitasunak egunerokotasunera eramateko.

STEAM Euskadi Topaketa

Gainera, Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Eguna dela eta, Hezkuntza Sailak —Innobasquerekin elkarlanean— garatzen duen STEAM Euskadi Topaketak ere genero-ikuspegia aztertuko du gaur.

STEAM hezkuntzan genero-ikuspegia barneratzeko baliabideak» izenburupean, Berrio-Otxoa ikastetxeak eta Deustuko Unibertsitateak haien proiektuak azalduko dituzte eta arlo horretan izandako esperientzia zehaztuko dute, arratsaldean egingo den prestakuntza-webinar telematikoaren bidez. Informazio gehiago Irekia web-gunean: https://www.irekia.euskadi.eus/es/news/66745-steam-euskadi-topaketak-aborda-perspectiva-genero-tercera-sesion