Osakidetzan ikerketa-proiektuetan sartuta dauden pertsonen % 65 emakumeak dira

0

Gora egin du Bioarabako, Biocruces-Bizkaiko, Biodonostiako eta Kronikguneko ikerketa-jardueren buru den emakume-kopuruak 

Osasun Sailak eta Osakidetzak, aurten ere, haien zentroetako ikerketa-arloko profesionalekin batera, bat egin dute Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Egunarekin; haren helburua da emakumeek eta neskek sektore horretan erabateko sarbide zuzena izatea.

Zientziaren, teknologiaren, ingeniaritzaren eta matematiken sektoreetan urteak daramatza genero-arrakalak, mundu osoan. Egun hori dela eta, Eusko Jaurlaritzak zientziaren eta teknologiaren eremuan berdintasun-politikekin duen konpromisoa eta bikaintasunaren ikerketaren eta berrikuntzaren alde egiten duen apustua berretsi nahi ditu.

Euskadin, Bioaraba, Biocruces Bizkaia, Biodonostia eta Kronikgune zentroetan bikaintasuneko ikerketa proiektuak garatzen dituen emakume-kopurua gizonena baino handiagoa da. Zehazki, zentro horietan, ikerketako 2.859 profesional daude eta, haietatik, % 65 emakumeak dira; alegia, 1.858. Proiektu horien lidergoa onartzen duen emakume-kopuruan ere ikusten da gorakada. Zehatzago esateko, proiektuetako buru diren langileen % 50 baino gehiago emakumeak dira (guztira 448 dira, eta, haietatik, 223 emakumeak dira).

I+G+b arloarekin zerikusia duen jarduera dela eta, hura % 8 hazi da 2020an, Euskadin. Hori horrela, nabarmentzekoa da garatzen ari den proiektu-kopurua –saiakuntza klinikoak barne– % 70 hazi dela azken bost urteotan, bai eta Euskadiko enpresekin elkarlanean eginiko proiektuen kopurua ere –gaur egun 85 dira–.

Euskadiko Osasun Sisteman ikerketek lantzen dituzten gaien artean, I+G jarduera nabarmentzekoa da onkologian (% 17) eta neurologian (% 16), eta, ondoren, endokrinologiaren, psikiatriaren eta arnasketaren arloan (% 6, hurrenez hurren).

Gainera, legealdi honetan, osasun-berrikuntza eta -ikerketa sustatzen jarraitzeko, honako estrategia eta tresna hauek onetsiko dira: 2021-2024rako Osasuneko Ikerketa eta Berrikuntza Estrategia berria eta osasun-ikerketarako tresna estrategiko berria, 2030erako Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planaren eta RIS3 Espezializazio Adimentsurako Estrategiaren esparruan.