Jaurlaritzak agenteak txertatzeko datorren astean hasiko den prozesuaren xehetasunak azaldu ditu

0

Eusko Jaurlaritza, Segurtasun eta Osasun sailen bidez, Ertzaintzako agenteen kolektiboa txertatzeko lehenengo fasearen protokolo zehatzak osatzen ari da. Polizia autonomikoa une hauetan 7.350 agentek osatzen dute, eta Osakidetzak AstraZeneca txertoaren 4.500 dosi banatuko dizkio. Horrek esan nahi du lehenengo etapa honetan kolektiboaren % 60 baino gehiago txertatuko dela.

Segurtasun Saileko Giza Baliabideen zuzendariak, Izaskun Urienek, gaurko deitu du Ertzaintzaren Segurtasun eta Laneko Osasun Batzordea, sindikatuei aurrez aurre azaldu ahal izateko hemendik aurrera, txertoa jartzeko datorren astean hasiko den prozesuaren baitan, jarraituko diren urratsak eta beteko diren epeak.

LOGISTIKA

Lehenengo etapa honetan, txertoak Ertzaintzaren Erandioko, Oiartzungo eta Arkauteko egoitzetan jarriko dituzte. Hiru egoitzetan behar bezalako osasun-baliabideak eta azpiegitura dago osasunerako segurtasun-baldintzetan egin ahal izateko. Txertaketa Segurtasun Saileko ohiko osasun-baliabideekin egingo da, eta erizaintzako 9 profesionaleko taldea gaurtik, ostiraletik, hasita ari da Osakidetzaren prestakuntza espezifikoa jasotzen.

Eusko Jaurlaritzaren ustez egunean 300 edo 400 txerto jarriko dituzte, eta prozesuaren lehenengo fase hori, beraz, datozen bi edo hiru lan-astetan burutuko da.

ARRISKUAREN LEHEN LERROA

Txertoa hartzeko ordenari dagokionez, diseinatzen ari diren protokoloek irizpide mediko eta epidemiologiko zorrotzak jarraituko dituzte. Horrela, arriskurik handiena duten agenteekin hasiko dira, hau da, kutsatzeko arriskuaren lehen lerroan, batez ere, kalean, lan egiten dutenekin.